GAUR8

Bi kultur ibilbide Dick-entzat inspirazio iturri izan ziren industriaren eta meatzaritzaren hondakinak bisitatzeko

George Alexander Dick ingeniari alemaniarraren marrazkien inspirazio iturri izan ziren Bizkaiko industria eta meatzaritzaren hondakinen inguruko bi bisita gidatu antolatu ditu Enkarterriko Museoak ekainaren 4rako eta 18rako, XIX. mendeko irudi horiek biltzen dituen erakusketatik hasita.

Enkarterrietako Museoan, George Alexander Dick inegniariaren marrazkien erakusketa ikus daiteke.
Enkarterrietako Museoan, George Alexander Dick inegniariaren marrazkien erakusketa ikus daiteke. (Bizkaiko Batzar Nagusiak)

Enkarterrietako Museoak bi ibilbide antolatu ditu ekainaren 4rako eta 18rako George Alexander Dick ingeniari alemaniarraren marrazkien inspirazio iturri izan ziren Bizkaiko industriaren eta meatzaritzaren hondakinak bisitatzeko.

Ekimena egun museoak berak eskaintzen duen Dicken marrazkien erakusketarekin lotuta dago: “George Alexander Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herritik”.

Barakaldoko Nuestra Señora del Carmen fabrikan ingeniaria izan zenak Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat herritako paisaiak marraztu zituen Bizkaian, oso urriak diren industria ondarearen lekukotasun garfiko baliotsu bat utziz, Bizkaiko Batzar Nagusiek nabarmendu dutenez.

Antolatutako bi ibilbideak erakusketaren bisitarekin hasiko dira. Ekainaren 4koan, erakusketa ikusi ostean autobusez Barakaldora eramango dituzte parte hartzaileak, eta Galindo ibaiaren zubian abiatuko da ibilbidea, Sestaoko Islako San Jose komentua eta Barakaldoko Karmengo fabrika zeuden lekuetan geldituz.

«Handik itsasadarraren ertzetik oinez, mineralaren azkenengo kargategiak ikusiko dira, eta Burtzeñan geldialdi bat egingo da Ercorsen (1909-1912), inguru horretako industria-bitxietako batean, industria-pabilioi zaharrak bisitatzeko», zehaztu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek.

Ibilbidea Molinos Vascos eraikinaren alboan bukatuko da, «gaur egun erabiltzen ez den 1923ko eraikin industrial ikusgarrian».

«Errusia Txikia»

Ekainaren 18rako proposatutakoak ibilbidea ezberdin bat izango du. Kasu honetan, Sopuertako Las Muñecas meategira hurbilduko da.

«Hainbat alderdi ezkertiarren egoitzak hartu zituelako ‘Errusia Txikia’ izena hartu zuen El Castaño meatzaritza-auzotik abiatuko da, eta bertatik labeetara eta Katalina meategia itxi ostean sortutako lakura helduko da», zehaztu dutenez. Mehatzarien pabilioi zaharrak eta Pilarreko baselizaren bisitarekin bukatuko da ibilaldia.

Ibilbide biak doakoak dira. Lehenak lau kilometrokoa da, eta hiru kilometrokoa bigarrena, eta bietan beharrezkoa da museoaren webgunean aurretik izena ematea.