GAUR8

Produktuen karbono-tasa erakusteak erosteko joera handitzen du, ikerketa baten arabera

Produktuen karbono-tasak helburu bat du, ekoizpen kostuan eragitea prezioa igoz demanda jaisteko. EHUko ikerketa batek frogatu du tasa hori etiketetan agerian uzteak beste ondorio batzuk dituela, lizentzia morala aktibatzen baitu.

Aitor Marcos doktoretza-tesia egiten ari da EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean.
Aitor Marcos doktoretza-tesia egiten ari da EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. (EHU)

Klima aldaketaren aurkako borrokaren testuinguruan, zerga bidez karbono kontsumo handia duten ondasunen eta zerbitzuen prezioa igotzeko politikak aplikatzen dira. Berez, era horretara, atmosfera isurtzen den CO2 kilogramo bakoitzagatik diru kopuru finko bat ordaintzen du ekoizleak, horrek produktuen ekoizpen kostua garestitzen du, prezioaren igoera eraginez eta demanda jaitsiz, baina ez da beti horrela izaten. EHUren ikerketa batek neurri horien eraginkortasuna aztertu du.

Gogoratu dutenez, politika horren aplikazioak arazoak sortarazi ditu herrialde askotan, eta adituek zergen eraginari buruzko gardentasuna eskatu dute. Agintari politikoen esku dago, adibidez, tasa hori produktuan bertan agerian uztea –salmenta prezioaren berariazko osagai gisa– edo ezkutuan uztea, baina «gardentasun horrek oharkabeko ondorio batzuk izan» ditzakeela ikusi dute EHUko ikertzaileek.

Frogatu dutenez, prezioan ikusgai jartzen diren karbono-tasek ezkutuan uzten dienak baino erakargarritasun txikiagoa dute eskaera murrizteari dagokionez.

AEBn kontsumo handiko bost produktu aztertu dituzte: kirol oinetako batzuk, hanburgesa bat, telebista bat, mugikor bat eta mikrouhin labe bat. «Ez dira oso produktu kutsagarriak, baina ekoizpen-prozesu energetikoki intentsiboa dute, eta haien kontsumo absolutua oso handia da gaur egun», zehaztu du Aitor Marcos EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikertaileak.

Produktu horien prezio berdinaren aurrean, karbonoaren gaineko zerga etiketan agerian zeukatenak eskaini zizkioten erosle talde bati, eta zerga ezkutuan zeukaten produktu berdinak beste talde bati. Azaldu duenez, frogatu da tasa ordaintzen ari dela jakiteak «kontsumitzaileen lizentzia moralak aktibatzen dituela, eta produktu horien eskaera txikitu beharrean areagotu ere egiten dela».

Eragin handiagoa ez kontserbadoreen artean

«Ikusi genuen parte hartzaileen erosteko asmoa sistematikoki handiagoa zela karbonoaren gaineko zerga agerian zegoenean. Talde horretako kontsumitzaileek zuten produktua erosteko asmo handiagoa; beren buruarekiko irudi moral positiboagoa zeukaten, eta horrek lizentzia moralaren hipotesia berresten du», azaldu du Marcosek, egiten ari den doktoretza-tesiarekin lotutako ikerketaz.

Esan duenez, hauteman da, gainera, zergek eragin handiagoa izan dutela klima-aldaketarekin kezkatuta dauden eta kontserbadore ez diren pertsonengan; izan ere, «pertsona horietan handitu zen gehiago karbono-tasa ordaintzeak piztutako autokontzeptu morala. Ez zuten karbono-tasa ondo interpretatzen, eta horra hor paradoxa, pertsona horiek baitira karbono-tasa aplikatzeko orduan gardentasun handiagoa eskatzen dutenak».