GAUR8

Makina-Erreminta Adimentsu Gela abian jartzeko hitzarmena sinatu dute EHUk eta Loire Gestampek

EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak Loire Gestamp Makina-Erreminta Adimentsu Gela izango du, lankidetza hitzarmen bati esker. Sektore estrategiko batean praktikak egiteko aukera eskaintzearekin batera, talentua sortzeko eta enpleagarritasuna hobetzeko duen balioa nabarmendu dute.

Loire Gestamp Makina-Erreminta Adimentsu Gela sortzeko hitzarmenaren sinatzaileak, irudian.
Loire Gestamp Makina-Erreminta Adimentsu Gela sortzeko hitzarmenaren sinatzaileak, irudian. (EHU)

Loire Gestamp Makina-Erreminta Adimentsu Gela abian jatzeko hitzarmena sinatu berri dute EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak eta Loire Gestamp Hernanin kokatutako konpainiak.

Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak eta praktikak egitea bultzatzea da ekipamenduaren helburu nagusia, «makina-erreminta sektorearen beharrizanetara egokitutako talentua sortzeko eta ikasleen enpleagarritasuna hobetzeko, unibertsitatearen eta enpresaren arteko prestakuntza barne», azpimarratu dute hitzarmenaren sinatzaileek.

Gela martxan jartzeak ikasleek jasotzen duten prestakuntzari «balio erantsia» ematen diola azpimarratu dute EHUko iturriek. Xabier Ostolaza Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendariaren hitzetan, «titulazioek digitalizazioan eskaintzen dituzten gaitasunak guztiz bat datoz Fabrikazio Aurreratuarekin lotutako lan ildoekin, eta Loire Gestamp nabarmentzen da lehentasunezko espezializazio arlo horretan».

«Esparru horrek aukera bikaina ematen du gure ikasleen talentua sektorera erakartzeko eta baliabideak kudeazteko prozesu, teknologia eta sistema berrien garapena sustatzeko», erantsi du.

Cesar Garbalena Loire Gestamp enpresako zuzendari nagusiak nabarmendu du, bestalde, «gradu amaierako eta master mailako praktiken eta lanen bidez sektore estrategiko eta lokalki oso indartsua deskubritzeko aukera» eskaintzen dela. Garbalenaren ustez, hitzarmenak lagunduko du «bokazio industriala eta kualifikazio tekniko bikaina duten eta karrera profesionala gurea bezalako proiektu liluragarri bat duen enpresa batean garatu nahi duten gazteak sartzen».

Sinatutako hitzarmenaren baitan saioak eta jardunaldiak antolatzea aurreikusten dute, «bai eta makina-erremintaren sektoreko gaurkotasuneko gaiei buruzko ikasketa, analisi edo ikasketa lan akademikoak egitea ere».