GAUR8

‘Zaporeak geure egiten’, ekitaldi solidarioa Algortan kalteberatasun egoeran daudenei laguntzeko

‘Zaporeak geure egiten’ ekitaldi solidarioa antolatu dute larunbatean Algortan (Getxo). Pintxoak, postreak eta zuzeneko musika emanaldiak dira plater nagusiak. Bilduko duten dirua kalteberatasun egoeran dauden pertsonek aurrera egiteko behar duten tailerra egin eta materiala finantzatzeko izango da.

‘Zaporeak geure egiten’ ekitaldiaren kartela, irudian.
‘Zaporeak geure egiten’ ekitaldiaren kartela, irudian. (Eraldatzen Sarea)

Bigarren urtez jarraian ‘Zaporeak geure egiten’ izeneko ekitaldi solidarioa antolatu du Eraldatuz Sareak larunbaterako Algortan. Kalteberatasun egoeran dauden pertsonei edo kolektiboei laguntzeko ekitaldi solidarioa da, sarea osatzen duten norbanakoek eta elkarteek antolatuta.

Ekitaldia Algortako San Nikolas pilotalekuan izango da, 12.00etan hasita eta arratsaldeko 15.00ak arte. Espazio horretan, haurrentzako tailerrak eta ingurumenarekin sentsibilizatzeko saioak izango dira, gizarte erakundeek eta Nastic de PLastic elkarteak sustatuak. Horien inguruan, gainera, zuzeneko musika eta hainbat herrialdetako pintxoak dastatzeko aukera egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.

Ekitaldiak, gainera, ‘SolidariUp’ mugimenduari atxikitako Getxoko hainbat ile-apaindegik emandako produktuen zozketa izango du. Diru bilketa kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei zuzenduta egongo da. Zehaztu dutenez, etorkizunean aurrera egin ahal izateko tailer bat egiteko aukera emango du bildutako diruak, baita ile apainketako materiala lor dezaten ere.

Pasa den urtean, 1.000 euro inguru bildu zituen ekimenak, eta Ukrainako gerraren ondorioz Getxon errefuxiatuta zeuden pertsonentzako bonotan banatu ziren, «Getxoko hainbat negoziotan kontsumitu ahal izateko eta oinarrizko premia zehatzak asetzeko, elikadura, eskola-materiala, arropa eta oinetakoak...», gogoratu dute.

Ekimena San Nikolas Zabalik, Argia Fundazioa, Gaude Elkartea, Pertsonalde, Zabalketa Elkartea, Sortarazi Elkartea, Fidias Fundazioa, Berdintasuna eta Getxo Zurekin elkarteek bultzatzen dute, Eraldatuz Sarearen barruan, eta Hazten, Getxo Kirolak eta Getxo Udala erakundeen laguntza du.