GAUR8

Aurreko markak apurtuta, ikusgai daude zientziari dedikatutako Euspot lehiaketako 149 iragarkiak

Bozkazio zientifiko eta teknologikoak sustatzeko iragarki laburrak bilatzen zituen Euspot Lehiaketak azken edizio honetan, eta «parte hartze historikoa» izan du. Guztira, 149 iragarki aurkeztu dira, iaz baino 59 gehiago. Publikoaren botoa jasotzeko epea zabalduko dute orain, ekainaren 2tik 5era.

Azken edizioan aurkeztutako 149 spotak ikusgai daude Euspoten web-orrian.
Azken edizioan aurkeztutako 149 spotak ikusgai daude Euspoten web-orrian. (EUSPOT)

Pasa den urtarrilean bota zuen azken erroka Euspot lehiaketak, gazteengan bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzeko iragarkiak sortzea proposatuz eta jasotako erantzunak aurreko edizioko markak apurtu ditu.

“Zientzialari eta ikertzaile izan nahi dut” izan da edizio berriren leloa, «gazteengan zientzia eta teknologiarekiko interesa eta grina» piztu eta «munduaren eraldaketan aktiboki» parte hartzera deituz. Gaia finkatuta 30 segundoko euskarazko iragarkia sortzea zen erronka.

Lanak aurkezteko epea itxita, azken edizio honek izan duen «parte hartze historikoa» nabarmendu dute antolatzaileek. Guztira 149 spot aurkeztu dira, iaz baino 59 gehiago. Lan guztiak ikusgai daude dagoeneko webgunean.

Aurkeztutako lanen artean, 110 iragarki 18 urtetik beherako lagunek egindakoak dira, eta 39 lan, adin horretatik gorakoek bidalitakoak. Hego Euskal Herriko puntu ezberdinetatik heldutako proposamenak daude, zehaztu dutenez.

Publikoaren hitza eta sari banaketa

Lehiaketaren azken fasea hasten da orain, publikoaren botoa jasotzeari begirakoa. Ekainaren 2tik 5era bozkatu ahal izango da, eta horretarako, aurkeztutako lan guztiak Euspoten webgunean ikus daitezke jada.

Sari banaketa ekitaldia ekainaren 15ean izango da Arkupen. Gogoratu dutenez, 1.000 euroko saria izango du spotik onenak, 500 euro Publikoaren Sariak, eta beste horrenbeste izango du Gazteen Sariak eta Musika sinkronizazio onenaren Sariak. Sari gehigarriak izango dira, gainera, Mondragon Unibertsitateko eta Arizmendiko ikasleen iragarki onenentzat.

Lakuako Gobernuaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana 2030 (ZTBP) da edizio honen babesle nagusia, eta Aretxabaletako Udalak, Arteman Komunikazioak, Mondragon Unibertsitateak eta Arizmendi Ikastolak antolatzen dute ekimena, Bai Euskarari Elkartea eta Music Libraryren laguntzarekin.