GAUR8

Gizarte-babesa, adimen emozionala eta ideagintza suizidaren arteko erlazioa aztertu dute

Hector Galindo eta Daniel Losada EHUko Didaktika eta Eskola Saileko ikerlariek gizarte-babesak adimen emozionalaren eta ideagintza suizidaren arteko erlazioan duen eragina aztertu dute.

Hector Galindo eta Daniel Losada EHUko ikertzaileak, irudian.
Hector Galindo eta Daniel Losada EHUko ikertzaileak, irudian. (UPV/EHU)

EHUko Didaktika eta Eskola Antolaketa Sailak gizarte-babesa, adimen emozionala eta ideagintza suizidaren arteko erlazioa aztertu du. Oinarrian, esanguratsuak diren zenbait datu ezagunak daude: «Osasun Mundu Erakundearen (OME) arabera, 2022an jokabide suizida zen nerabeen arteko munduko hirugarren heriotza kausa, eta kasuen %90ean jatorria maila sozioekonomiko apal eta ertaineko herrialdeetan ematen ziren».

Datuak EHUk ekarri ditu gogora ‘Campus’ agerkarian argitaratutako artikulu batean, non nerabeen arteko ideazio eta jokakide suizida arazo publiko bihurtu direla azpimarratzen den. Gakoa prebentzioa da, eta arlo horretan, «babes-faktoreetako bat adimen emozionala da, pertsonek beren emozioak erabiltzeko eta emozioak hobeto identifikatu, erabili eta kudeatzeko abian jartzen dituzten trebetasunak».

Hector Galindo eta Daniel Losada EHUKo ikertzaileek berdinen arteko babesean, familiarenean eta irakasleek ematen dutenean jarri dute fokua, 898 nerabeekin egindako ikerketa batean, eta ikusi dute jasotzen den babesa behar bezala hautemateak ideagintza suizida murrizten laguntzen duela.

Ingurukoen babesa hautematea

Ondorioztatu dutenez, «adimen emozionalak eragin zuzena du ideagintza suizidan, baina hori gertatzen da, neurri batean, inteligentzia emozional handiena duten nerabeak neurri handiagoan direlako gai irakasleengandik, familiakoengandik eta ikaskideengandik jasotzen duten babesa hautemateko», azaldu du Garridok.

Familiaren babesaren garrantzia nabarmendu dute: «Pertsona batek ez badu etxean familia-babesik, nahiz eta adimen emozional handia izan, horrek ez dio laguntzen bere ideagintza suizida murrizten. Hala ere, familiaren babes ertaina edo handia izateak gehiago laguntzen dio bere ideagintza suizida murrizten emozionalki adimentsua den pertsona bati adimen emozional baxua duen pertsona bati baino». 

Ikasgelan jorratzearen garrantzia

Emaitzek erakutsi dute, bestalde, berdinen arteko babesak suposatzen duen laguntza, baina adinak zerikusi handia du: «nerabe batek 12 urte dituenean, berdinen arteko babesa ez da nerabe batek 15 edo 16 urte dituenean bezain garrantzitsua».

«Adimen emozional handia duen nerabe batek bere ideagintza suizida asko murriztu ahal izango du, irakasleengandik hautemandako babesa edozein dela ere; adimen emozional baxua duen pertsona batek, berriz, zailtasun handiak izango ditu ideagintza suizida murrizteko, irakasleengandik hautemandako babesa edozein dela ere», zehaztu dute ematen diren prozesu ezberdinen inguruan.

Ikerlari biek adimen emozionalak ikasgelan lantzeak duen garrantzia azpimarratu dute, baita gizarte-babesa jasotzeak ere. «Garrantzitsua da familiek ikasketa-prozesuetan parte hartzea eta berdinen arteko kalitate-harremanak sustatzea jokabide suizida murrizteko», nabarmendu dute.