GAUR8

‘Artea eta artzaintza’ jardunaldiak, Karrantzan izango den ‘Ondo Bizi Arte’ egonaldiaren lehen hitzordua


Mutur Beltz proiektuak ‘Ondo Bizi Arte’ egonaldia jarri du abian. Ekainaren 29tik uztailaren 9ra izango da Karrantzan, eta euskal artilea izango du protagonista handietako bat, erabilgarritasuna, iraunkortasuna, agroekologia edota gizarte harremanei begira jarrita. Lehen hitzordua uztailaren 1ean da ‘Artea eta artzaintza’ jardunaldietan.

Irudian, Laurita Siles Mutur Beltz proiektuko sortzaileetako bat.
Irudian, Laurita Siles Mutur Beltz proiektuko sortzaileetako bat. (Monika DEL VALLE | FOKU)

‘Ondo Bizi Arte’ egonaldiaren VII. edizioak baditu datak: ekainaren 29tik utzailaren 9ra, Karrantzan. Mutur Beltz proiektuaren buruan dagoen Laurita Siles eta Joseba Edesaren familiak bultzatzen du ekimena, eta aurreratu dutenez, aurretik egindako lanari jarraipena ematea da asmoa, «euskal artilearekin diskurtso edo erabilgarritasun berriak eragiteko helburuarekin».

Testuinguru horretan, «bizikidetza hori subiranotasunean oinarritutako bizitzaren kontzepzio gisa ulertuta, iraunkortasuna, agroekologia, gizarte harremanak eta subjektibotasun-moduak» jorratzea da asmoa.

Parte hartzaile bakoitzak proiektu bat egingo du ardatz horien inguruan, eta horren zabalkundea hainbat formatutan egingo da: ate irekien jardunaldiak, hitzaldiak, argitalpen baten edizioa edo obren erakusketa baliatuz.

Ekimenak Maider Lopez artistaren partaidetza izango du. «Konbentzio tradizionalei aurre eginez eta eguneroko ingurunez dugun pertzepzioa zalantzan jarriz», espazioaren eta publikoaren arteko elkarrekintzak aztertzea da donostiarraren lanaren ezaugarri nagusia, nabarmendu dutenez.

Adrian Pepe ehungintzako artista da beste parte hartzaileetako bat. Ikuspegi soziokultural, estetiko, ekologiko eta metodologikoetatik artisautzan oinarritutako sorkuntza lanarekin.

Hirugarren parte hartzailea Irene Infantes sevillarra da, jasotako 19 proposamenen artean hautatua eta ehungintzarekin lotutako proposamena dakarrena. «Merina artilea eta historian izan dituen erabilerak ardatz hartuta, trukerako txanpon izan zen materialaren balioa handitu nahi du», azaldu dute bere proposamenaz.

Artista horiek bertatik bertara ezagutzeko lehen aukera uztailaren 1ean izango da, Karrantzako Kultur Etxean, ‘Artea eta artzaintza’ jardunaldietan.

De Dios eta Cobo, Karrantzan

Lala de Dios ehungintzan espezializatutako irakasle, idazle, komisario eta kultur kudeatzailea eta Ramon Cobo ‘Wooldreamers’ erro luzeko familia-proiektuko ordezkaria izango dira Karrantzan, ezagutzak eta hausnarketak partekatuz.

Solasaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira Instagramen, eta ondoren, Youtubeko Mutur Beltz-en kanalean.

Argitalpen digital eta inprimatu bat sortzea izango da bigarren urratsa, udazkenari begira, eta hirian eta landa eremuan izango diren erakusketak izango dira azken urratsa, Karrantzako Kultur Etxean eta Bilboko Bulegoan arte eta ezagutza espazioan.