GAUR8

Uztaila Flysch Organo Zikloaren hilabetea da Deban, Zumaian, Getarian eta Orion

Uztaila Nazioarteko Flysch Organo Zikloaren hilabetea izango da Deba, Zumaia, Getaria eta Orion. Doakoak izango dira guztiak, baina hitzorduak helburu solidarioa du, Afagi eta AECC elkarteentzako ekarpenak bilduko dira kontzertuetan.

Flysch Organo Zikloaren aurkezpena, irudian.
Flysch Organo Zikloaren aurkezpena, irudian. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Uztailaren 1etik 30era Nazioarteko Flysch Organo Zikloaren zortzigarren edizioa ospatuko da Deba, Zumaia, Getaria eta Orioko udalen parte hartzearekin. Programak, gainera, tresna solidarioa izan nahi du. Aurten bi elkarte izango dira protagonista, Afagi, alzheimerra duten lagunen eta senitartekoen Gipuzkoako elkartea eta AECC, Gipuzkoako minbiziaren aurkako elkartea.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen den programazioa Orion abiatuko da uztailaren 1ean, 20.00etatik aurrera. Antolatzaileek azaldu dutenez, organoa «musika tresna ezezaguna» ezagutzera ematea da zikloaren helburua, «baita Gipuzkoako ondarea zaindu eta nabarmentzea ere, lurraldeko kultura eta turismo eskaintza erakargarriago egiteaz gain», Maria Jose Telleria diputatuaren esanetan.

Bihodi proiektuak zabalduko du programazioa Orion, San Nikolas elizan. Zumaian izango da bigarren hitzordua hilaren 9an, 21.00etan. Mar Vaquek Lotte Reinigerren ‘Achmed printzearen abenturak’ (1926) film mutuaren soinu-banda inprobisatuko dute, San Pedro parrokian.

Uztailaren 15ean izango da hirugarren kontzertua, Getarian. Enrique Abello (tronpeta) eta Santiago Banda (organoa) duoak Afagiren aldeko kontzertua emango dute San Salbador elizan, 20.15ean.

Aurten, gainera, zikloaren kontzertu bat goizez izango da lehen aldiz. Deban izango da, uztailaren 22an, Jone Martinezek (sopranoa) eta Mirian Cepedak (organoa) eskainiko dute konztertua Santa Maria elizan, eta horretan bildutako dirua AECC elkartearentzat izango dira.

Zikloa Deban betan itxiko da uztailaren 29an, Miriam Hontan (biolina) eta Daniel Oyarzabal (organoa) Santa Maria elizan eskainiko duten ‘Vivaldiren lau urtaroak’ kontzertuan.