GAUR8

‘Gorbeiako nire txoko kuttuna’ irudi lehiaketa antolatu dute Instagramen

‘Gorbeiako nire txoko kuttuna’ irudi lehiaketa antolatu dute Instagramera igotako argazkien artean. Natura ingurune horren paisaiez gain, ohitura, jakiak edo azoken irudiak izan daitezkeela zehaztu dute. 

Itxina, atxiboko irudian.
Itxina, atxiboko irudian. (Gorbeialde Landa Garapenerako Elkartea)

Gorbeialde Landa Garapen Elkarteak eta Gorbeialdeko Kuadrillak 'Gorbeiako nire txoko kuttuna' lehiaketa antolatu dute Instagram sare sozialean, eta herritarrak eta bisitariak gonbidatu dituzte Gorbeia helmuga turistikoan ateratako argazkiak bertara igotzera.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Gorbeiako paisaia gustukoena, iluntze bukoliko bat, txoko ezezagun bat, bertako gastronomiako gustuko jaki bat, azoka egun bat, ingurune natural bat edo Gorbeia Central Park-eko esperientzia baten argazkia izan daiteke, besteak beste. Lehiaketak izaera propioa izango du, baita sariak ere, baina, horrez gain, aurkeztutako lanek ‘Mi rincon favorito’ lehiaketan hartuko dute parte Espainiako Estatuko argazkiekin batera.

Deialdiaren helburua da herritarren eta bisitarien sormen gaitasuna bultzatzea argazkilaritza digitalaren eremuan. Era berean, sare sozialak edukiz aberastu nahi dira, beti ere erantzukizunez eta kultura helburuekin erabilita. Gainera, lehiaketak sustapen helburua ere badu, Gorbeiaren ezaugarri nabarmenenak erakutsi nahi baititu, sare sozialak erabili eta komunikazioaren ikuspegi birala aprobetxatuta.

Parte hartzeko, nahikoa da sakelako telefonoarekin argazki bat ateratzea (beste edozein gailurekin ateratako argazkiak ere onartzen dira). Ondoren, argazkia Instagram sare sozialera igo behar da, lehiaketako traolarekin (#MiRinconFavorito, #GorbeiaEuskadi #CorazonVerdeDeEuskadi), eta, aurkezten den argazki bakoitzeko, izena emateko formulario bat bete behar da.

Deskribapen testua

Irudiaren deskribapen testua aurkeztutako lanaren parte izango da, eta epaimahaiak kontuan hartu ahal izango du irabazleak aukeratzerako orduan. Testuaren formatua eta luzera librea da, eta baimenduta dago bertan emotikonoak sartzea. Hala nahi duen orok har dezake parte, adina edo jaioterria edozein izanik ere; baldintza bakarra dago: aurkeztutako lanak Gorbeia helmuga turistikoan egin behar direla (parke naturalak, turismo baliabideak, udalerriak).

Lehiaketak bi sari izango ditu: lehenengoa 200 eurokoa, eta bigarrena 100 eurokoa. Lehenengo saria irabazten duen lana sustapen materialetan inprimatzeko erabiliko da (postalak, pegatinak, posterrak), eta lehiaketa irabazi duen lana dela adieraziko da bertan.

Lanak inskribatzeko epea irailaren 4ra arte egongo da zabalik. Bertako lehiaketaren sariak irailaren 12an ezagutaraziko dira, eta Estatu mailakoak irailaren 27an, Turismoaren Nazioarteko Egunean.