GAUR8

Kanpaina ibiltaria Gipuzkoako hainbat hondartzatan kontserbazioa sustatzeko

Hurrengo asteetan Gipuzkoako hondartzetan areatzen zaintzan eragin nahi duen kanpaina burutuko dute hainbat jardueren bidez. Paperontzien erabilera egokia eta mikroplastikoen bilketa izango dira ekimenaren ardatz bi, jarduera ezberdinen bidez.

Hondarribiko hondartza, artxiboko irudian.
Hondarribiko hondartza, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Hondartzen zaintzaren inguruko sentsibilizazio kanpaina burutzen ari dira Gipuzkoako hainbat udalerritan. Kanpaina Foru Aldundiak bultzatzen du, Mater Museoarekin, Emaus Gizarte Fundazioarekin eta Indigo Produkzioekin lankidetzan.

“Zu zeu zara poesia hondartzan birziklatzen duzunean” da ekimenaren lema nagusia. Hondartzetako aldagela zaharren antza duen informazio puntu bat du kanpainak. Bertan, hondartza modu arduratsuan eta jasangarrian erabiltzeko gomendioak eskaintzen dira, baita plastikoak ozeanoetan duen inpaktuaz kontzientziatu ere.

Kanpaina Mutrikuko portutik eta Debako Santiago hondartzatik igaro da jada, eta datozen asteetan Zumaia, Zarautz, Orio, Getaria, Donostia eta Hondarribiko hondartzetan burutuko da.

Ekimenaren bultzatzaileek nabarmendu dute paperontzien erabilera egokia sustatzea eta sentsibilizazioa bultzatzea dela helburu nagusia, herritarrek hondakinak bereizi eta gaika bil ditzaten. Erronka horien inguruan haur jolasak, tailerrak edota antzerki emanaldiak egongo dira, besteren artean.

Emausen aldetik, hezkuntza eraldatzaileko talde batek hainbat jarduera antolatuko dituela zehaztu dute, ekonomia zirkularra, berrerabilpena edota klima aldaketa ardatz hartuta.

Bestetik Indigo Produkzioak gidoi bat sortu du kaleko antzerki pieza bat egiteko eta Materren eskutik, mikroplastikoen garbiketa egingo da kanpainaren barruan.