GAUR8

Iosune de Goñi Garcia da aurtengo "Nekatoenea" eta "Hugoenea" literatura sorkuntza egonaldien irabazlea

Burlatan jaio zen 1993an, eta idazlea, argazkilaria eta itzultzailea da lanbidez. 2021ean Pasaia Hiria-Xabier Portugal poesia saria irabazi zuen "Gorputz baten aztarnak elurretan" poema bildumarekin.

Iosune de Goñi izan da egonaldietarako idazle aukeratua.
Iosune de Goñi izan da egonaldietarako idazle aukeratua. (Lorentxa SARAGUETA)

Iosune de Goñi Garcia da aurtengo "Nekatoenea" eta "Hugoenea" literatura sorkuntza egonaldi bikoitzaren irabazlea. Euskal kultur erakundea, Euskal Idazleen Elkartea eta CPIE Euskal Itsasbazterra 2011. urtean hasi ziren elkarlanean egonaldi hauek antolatzen, idazle bati hilabetez Hendaiako Abbadia eremuko Nekatoenea baserri zaharberrituan bere idazketa lana garatzeko aukera bikaina eskainiz. Aurtengo ekitaldian, egonaldia hilabete bat gehiago luzatuko da, kasu honetan Pasai Donibaneko Hugoenea etxean.

Aukeratua izan den Iosune de Goñi Garcia Burlatan jaio zen 1993an, eta idazlea, argazkilaria eta itzultzailea da lanbidez. Horrez gain, feminista ezaguna da eta kapazitismoaren aurkako aktibista ere bada. Filosofiako ikasketak amaitu ostean, Bartzelonan Literatura, Artea eta Pentsamenduari buruzko Ikasketa konparatuen gradu-ondokoa egin zuen. Tesia egiten ere hasi zen, Hilda Doolittle idazleari buruz, baina osasun arrazoiengatik amaitu aurretik utzi behar izan zuen.

Literatura arloan egindako bideari dagokionez, 2021ean Pasaia Hiria-Xabier Portugal poesia saria irabazi zuen Iosune de Goñik "Gorputz baten aztarnak elurretan" poema bildumarekin. Iruñeko Udalaren Egile Berrientzako Literatur Lehiaketan ere lehen saria irabazitakoa da "Itzalak uraren azpian" lanarekin. Gaur egun itzultzaile gisa egiten du lan burlatarrak.

Zehazki, Hendaiako Nekatoenea etxeko egonaldia 2023ko urriaren 9tik azaroaren 2ra luzatuko da, eta Pasaiako Hugoeneakoa azaroaren 7tik 30era. Idazlearen sorkuntza lanaz gain, bi egonaldietan topaketak antolatuko dira bere lana ezagutarazteko.