GAUR8

Abian da ‘Anima zaitez’ programa, diaspora eta Euskal Herriaren arteko zubiak indartzeko

Argentinan, Villa Maria (Cordoba) udalerrian daude lau euskal herritar hango Euzko-Etxea euskal zentroak antolatutako ‘Anima zaitez’ programari esker. Diaspora eta Euskal Herriaren arteko harremanak indartu nahi ditu ekimenak, kultura partekatuz.

«Anima ziatez» programaren barruan Argentinan dauden euskla herritarrak, irudian.
«Anima ziatez» programaren barruan Argentinan dauden euskla herritarrak, irudian. (Euzko-Etxea )

Argentinara bidaiatu dute Hego Euskal Herriko lau herritarrek hango euskal etxe batek antolatutako ‘Anima zaitez’ programan parte hartzeko. Hizkuntza, kultura, folklorea edota sukaldaritzaren inguruko hainbat jardueratan parte hartuko dute Atlantikoaren bi aldekoen arteko loturak sendotzeko.

Euzko-Etxea euskal etxeak antolatuta, programaren seigarren edizioa ospatzen da aurten Villa Marian. Ohar batean azaldu dutenez, euskal komunitate handi bat dago han. «Gure aiton-amonak lanean hasi ziren eta behitegiak, gaztandegiak eta abar martxan jarri zituzten. Batez ere nekazaritzan eta abeltzaintzan lan egin zuten. Hona, batez ere, Nafarroatik iritsi ziren, baina baita Gipuzkoatik, Zuberoatik, Lapurditik eta Arabatik ere».

Argentinara heldutako familia baten partaide den Luis Carricaburuk gogoratu du Nafarroako Arraiotz herritik heldutakoak direla. «Argentinan finkatuta zeuden euskaldunek lagunak, senideak, bizilagunak... gonbidatzen zituzten. Mundu guztiarentzako lana zegoen, lurra zegoen, eta guk bagenekien lan hori aurrera eramaten», esan du.

Balio handiko lurrak

«Milaka izan ziren honaino iritsi zirenak eta Villa Maria bere ezaugarri geografikoengatik bereziki interesgarria zen; oso ondo lantzen ziren alpapa, zekalea eta artoa, artzain sistemarako oinarrizko produktuak», zehaztu du.

Euskal kultura partekatzea eta Atlantikoaren bi aldeen arteko zubia eraikitzea dira ekimenaren helburu nagusiak, eta bide horretan hainbat gai landuko dituzte bertaratutako euskal herritarrek, 300 bazkide dituen Villa Mariako Euskal Etxearekin elkarlanean.

Iñaki Landak (Gasteiz-Iruñea), Garazi Suinagak (Gorliz), Garazi Fernandezek (Barakaldo) eta Larraitz Goikoetxea Urdangarinek (Beasain) astebete daramate jarduera ezberdinetan parte hartuz.

Fernandezek azaldu duenez, «Garazi Suinagak euskararen euskalkiei buruz emandako hitzaldiarekin hasi ziren ekitaldiak. Iñaki Landa eta Larraitz Goikoetxea sukalde tailerraren buru izan ziren marmitakoarekin, patata tortillarekin eta La Viña tartarekin, eta astea dantza eta bertso tailerrekin osatu zen».

Emilia Zugasti Euskal Etxeko lehendakariak azpimarratu du jarduera hauek Cordobako (Argentina) herritarrengana iritsi eta bertako komunitateak Euskal Herriarekin dituen harremanak indartzeko baliatu nahi dituztela.

«Talde oso anitza hautatu dugu, aukeratutako kide bakoitza eremu konkretu batean espezializatuta dagoelako. Funtsezkoa da hori bakoitzaren prestakuntza eta ezagutzak aprobetxatzeko eta tailer ezberdinak garatzeko, hala nola, dantzak eta musika, euskara... baina baita gastronomia ere», azaldu du Zugastik.