GAUR8

Musika, dantza, zinema eta argazkilaritza, Sopelako udal tailerren osagaiak

Musika, dantza, argazkilaritza eta zinema dira Sopelako udal tailerren eskaintza berriko diziplina protagonistak. Asteko egun bakoitza diziplina horietako bati dedikatuta dago, eta zinemarekin hasten da astelehenetan.

Euskal dantzak eskaintzen diren diziplinetako bat dira.
Euskal dantzak eskaintzen diren diziplinetako bat dira. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Musika, dantza, argazkilaritza edota zinema bezalako diziplinak aurki daitezke Sopelako udal tailerren eskaintza berrian. Herrian erroldatutako lagunentzat zabalik dago izena emateko epea irailaren 17ra arte. Erroldatuta ez daudenek hilaren 18tik 24ra izango dute tailerretan izena emateko aukera.

Udal iturriek azaldu dute ohar batean adin tarte guztietara zuzendutako eskaintza dela. Hasiera urriaren 2rako dago aurreikusita eta amaiera maiatzaren 31n dute finkatuta.

Nabarmendu dutenez, «astelehenek zinema kutsu bat izaten jarraituko dute ‘Ikusi, Ikasi, Aztertu’ tailerrarekin; Kurtzio Kultur Etxean izango da 19.00etatik 21.00etara».

Joan den ikasturtean harrera bikaina izan zuen tailerrak «bidaia entretenigarri eta didaktiko bat proposatzen du zinemaren sorreratik» abiatuta. Zazpigarren artearen maitaleei zuzenduta dago, «ikuspuntu kritiko eta analitikoa aberastu nahi» dutenei, zehaztu dutenez.

Dantza da eskaintza berriaren beste osagarri garrantzitsu bat. Astearteetan, 19.30etik 21.00etara, Tango Argentinarra izango da udal pilotalekuan, eta argazkigintza (oinarrizkoa edo aurreratua) Kurtzio Kultur Etxean, 18.00etatik 19.30era eta 19.30etik 21.00etara.

Euskal dantzenak izango dira asteazkenak, Sopela Institutuan, bai oinarrizko ikastaroa zein aurreratua, eta ostegunak Photoshop Tailerrarentzat izango dira, Kurtzio Kultur Etxean.

Haurrentzako pintura tailerrak ostiralean izango dira, eta larunbatean xakearen txanda izango da.