GAUR8

First LEGO League txapelketaren egoitzetako bat izango da EHUko Arabako campusa

EHUk eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak lankidetza hitzarmena sinatu dute Arabako campusa First LEGO League Euskadiren egoitzetako bat izan dadin. Bokazio zientifiko eta teknologikoak bultzatzea du helburu.

First Lego Leagueren aurreko edizio baten partaidea, irudian.
First Lego Leagueren aurreko edizio baten partaidea, irudian. (Jon URBE | FOKU)

EHUko Arabako campusa First LEGO League (FLL) Euskadi hezkuntza programaren eta txapelketaren egoitzetako bat izango da, EHUk eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak gaur sinatu duten lankidetza hitzarmenari esker.

Akordioaren arabera, EAEko unibertsitate publikoak bat egingo du ekimenarekin antolatzaile kide gisa Arabako campusean.

Gazteen artean eta batez ere nesken artean, bokazio zientifikoak eta teknologikoak bultzatzea helburu duen STEAM estrategiarekin lotuta dago FLL Euskadi programa. Zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa piztu eta berrikuntza munduko gaitasunak eta balioak indartzea bilatzen du.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Berrikuntzaren Euskal Agentziak bultzatzen du programa, Deustuko Unibertsitatearekin, Donostiako Sustapenarekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta EHUrekin, hemendik aurrera.

Euskal txapelketa nazioarteko programaren barruan sartuta dagoela zehaztu dute. «Nazioarteko antolakuntzak urtero gai zehatza duen erronka kaleratzen du, gizarte osoari eragiten diona, eta talde parte hartzaileei berrikuntza proiektu baten bidez eta metodo zientifikoa erabiliz konpontzeko erronka jotzen die. Horretaz gain, Lego Mainstorm piezekin egindako robot bat diseinatu eta programatzen dute, joko-taula bateko misioak bete ditzan. Amaitzeko, parte-hartzaileek frogatu behar dute prozesu osoan zehar FLL balioetan oinarritu direla», azaldu dute ekimenare funtzionamenduaz.

Erronka tematikoa prestatzen laguntzeko, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak urtero aurretiazko prestakuntza programa eskaintzen du hainbat enpresa eta eragileren parte hartzearekin. Helburua da erakustea «zer egiten ari den Euskadin aukeratutako gaiaren arloan eta horri lotuta zein lanbide eta profesional zientifiko eta teknologiko dauden», erantsi dutenez.