GAUR8

Gurasoentzako «online gimnasioa» aktibatu du BBK Familyk, seme-alabekin komunikazioa hobetzeko

Gurasoei zuzenduta, ‘BBK Family Gym’ izeneko ekimena jarri du abian BBK-k, hazkuntza prozesuaren gaineko trebakuntzak eskaintzeko. Doako programa bat da, urteko 365 egunetan emango dena, eta komunikazioa eta emozioen kudeaketa landuko ditu.

Heldu bat haur txiki batekin.
Heldu bat haur txiki batekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

‘BBK Family Gym’ izeneko programa aktibatuko du BBK-k gurasoei zuzenduta. Online eta doakoa da «hazkuntzarako gaitasunak hobetu ditzaten». «Seme-alabekin komunikazioa hobetzen laguntzeko eta emozioen kudeaketarako trebetasunak eskuratzeko dago diseinatuta», azaldu dute ohar batean.

Haurdunaldiarekin hasi eta hazkuntza prozesu osora egokitutako entrenamendu edo trebakuntzak eskaintzen ditu esperientziak eta intentsitate ezberdinetako saioak eskainiko ditu.

Hurrengo egunetan hainbat herritan aurkeztuko dute ekimena: Bilbon, Areatzan (hilaren 19an); Barakaldon, Herriko Plazan (20an); Basaurin, Mojaparte plazan (21ean); Durangon, Ezkurdi plazan (25ean); eta Gernikan, Pasealekuan (26an). Saio guztiak 17.00etan hasiko dira eta ordubeteko iraupena izango dute.

Hiru intentsitate, aukeran

Parte hartzeko BBK Familyren webguneko ‘On line prestakuntza’ atalean eman behar da izena. Intentsitatea ere aukeratu dezakete familiek: «zerbait erraza, elkarreragin gutxikoa, nahi dutenek edo denbora gutxi dutenek» intentsitate txikiko entrenamendua aukeratu ahal izango dute, zehaztu dutenez.

Apur bat gehiago sakondu nahi dutenentzako intentsitate ertaineko saioak daude, «ikaskuntzan gidatuko dituen entrenatzaile pertsonal batekin». Intentsitate handiko trebakuntzaren kasuan, hiruhileko bakoitzean BBK Family Gymak dituen ikastaroen artean aukeratu ahal dute parte hartzaileek, «entrenatzaile pertsonal batekin eta zenbait gairi buruz eztabaidatzeko talde foroarekin».