GAUR8

‘Txalaparta festa’ egingo dute 30ean Arrasaten, Ttakun taldearen 30. urtemuga ospatzeko

Irailaren 30ean Arrasaten egingo duten ‘Txalaparta festa’rekin itxiko dituzte Ttakun taldearen 30. urteurrenaren inguruko ospakizunak. Hiru hamarkadetan zehar taldean inguruan ibilitako lagunak elkartzeko hitzordua izango da.

Txalapartariak Arrasaten.
Txalapartariak Arrasaten. (Ttakun Txalaparta Taldea)

Arrasateko Ttakun Txalaparta taldeak ‘Txalaparta festa’ antolatu du hilaren 30erako, taldearen 30. urtemugaren inguruko ospakizunei amaiera emanez. Egun osoko jaiadia izango da. ‘30 urtez enbor beretik’ lelopean, azken hiru hamarkadetan era batera edo bestera taldearekin harremana izan duten lagunak biltzea da asmoa.

Festak aurreko hitzordu bat izango du, irailaren 27an, Ttakun aplikazioa aurkeztuko baitute Kulturaten, Jokin Zaitegi gelan.

Hurrengo larunbateko egitarauari dagokionez, 11.00etan abiatuko da Goikobalu, Altamira eta San Kristobaletik, dianarekin. Tailer herrikoiak eta saio libreak izango dira 12.00etan Herriko Plazan, eta irrintzilarien erakustaldia egingo dute plazan bertan ordubete beranduago.

Jaizale elkartean izango den herri bazkariaren ondoren, ‘30 urtez enbor beretik kalejira’ egingo dute tabernetan txalaparta saioak eskainiz. 17.30ean hasiko da lehen txanda Taupan, 18.00etan Iluntzen, 18.30ean Iratin eta 19.00etan Arrasaten. Kimu txalaparta taldea izango da eguneko gonbidatu nagusia, 20.00etan plazan.

Urtemugaren harira, hiru hamarkadetan zehar proiektuaren inguruan lagun asko ibili direla nabarmentzeaz gain ibilbide horren zenbait ekitaldi esanguratsutan izandako parte harztea ekarri dute gogora, Arrasateko Gurea gaztetxean RIP eta MCD taldeen kontzertua, Ertzainak taldearen ‘564’ abestian izandako parte hartzea edota Arrigorriagan, Maurizia eta Fasioren emanaldia aipatuz, besteak beste.

Belaunaldi berriak erakartzea eta «Euskal Herriko altxorra dugun txalapartaz gozatuko» duten gazteentzat bide berriak zabaltzea da etorkizunera begirako erronka, azaldu dutenez.