GAUR8
Gaur X urte

30 urte dira Guardia Zibilak Gurutze Iantzi zinegotzi urnietarra hil zuela

Gurutze Iantzi Igerategi Herri Batasuneko zinegotzia izan zen Urnietako Udalean. Guardia Zibilak 1993ko irailaren 22an atxilotu zuen bere etxean. Bi egun geroago hil zen, 31 urte zituela, Guardia Zibilaren Tres Cantosko egoitzan. Bertsio ofizialaren arabera, bihotzekoak jota. Zantzu guztien arabera, torturen ondorioz.

Gurutze Iantziri egindako omenaldi bat.
Gurutze Iantziri egindako omenaldi bat.

Gurutze Iantzi Igerategi Urnietan jaio zen 1962an. Herri Batasuneko zinegotzia izan zen Urnietako Udalean. Gaurko egunez, duela 30 urte, 31 urte baino ez zituela, Guardia Zibilak eraman zuen goizaldean eta 24 ordu geroago hilik zegoen Madrilgo Tres Cantosko egoitzan. Sekula ez zuten inor epaitu, baina bai orduan eta bai orain, zantzu guztiek gauza bera diote: «Gure gorputzak jasan zuen, baina bereak ez. Hori izan zen aldea», adierazi zuen Euken Garmendia sarekada berean atxilotu zuten lagunak. Kalabozo berean torturatu zituzten, modu berean, beste hainbat euskaldun bezala.

Julio Iglesias Zamora bahiturik zeukan ETAk garai hartan. Bahitua Urnietako Adarra mendian zeukatela zabaldu zuen Poliziak, eta operazio handia egin zuten. Guardia Zibilak 20 lagun atxilotu zituen inguru haietan, bost egunean.

Garmendiak operazio hartan atxilotutako herritarrek jasandako tortura izugarriak oroitu zituen Iantziren heriotzaren 25. urteurrenean, duela bost urte. Epailearen aurrean salatu zituzten. Iantzik ezin izan zuen, ez zelako iritsi. Haren senarrak, Julen Irastorzak, kontatu zuen hurbileko zelda batean preso zegoela emaztearen sandaliak eta galtza berdeak ikusi zituela barrote artetik, bere garrasi eta eztula aditu zuela, eta gurpildun aulki batean eramaten... Gero, isiltasun pisutsu bat, gaur arte luzatu dena.

«Bat-batean, bakean utzi gintuzten», azaldu zuen Garmendiak. «Gero jakin nuen Gurutze hil zutenean izan zela, berari esker utzi gintuztela bakean».