GAUR8

Latsarrien memoria eta euskal mitologia, Gorlizko ‘Ondarea bizirik!’ jardunaldietan

Herriko latsarria eta euskal mitologia izango dira Gorlizek antolatu duen ‘Ondarea bizirik!’ programazioaren protagonista nagusiak. Lehenak ‘Latsariak’ dokumentala eramango du Uribe Kostako herrira, eta bigarrena Sertutxena eraikinean ikusgai dagoen erakusketa batean goza daiteke.

Gorlizko latsarria, irudian.
Gorlizko latsarria, irudian. (Gorlizko Udala)

Ondarearen Europako Jardunaldien testuingurun, ‘Ondarea bizirik!’ programazioa jarri du abian Gorlizko Udalak herritarren bizipenak, kondairak eta sineskerak berrekuratzeko.

Latsarriak izango dira programazio horren protagonista nagusietako batzuk. Gorlizek latsarria kontserbatzen du, «XX. mendean zehar emakumeen bizipenen eta testigantzen lekuko» izan zena. «Latsarriak emakumeen harreman sozialerako guneak ziren», bizipenak eta esperientziak partekatzen ziren espazio bat, gogoratu dutenez.

Herriko latsarriko atal bat zaharberritu dute eta «indarra emateko, informazio panel bat jarri du Udalak bertan». Ekimenarekin bat eginez ‘Latsariak’ dokumentalaren proiekzioa izango da herrian.

‘Con Ciencia y Arte’ elkartearen proiektuak gogora ekartzen du emakumeek nola egiten zuten komunitatearen osasungarritasuna eta bizi kalitatea bermatzeko ezinbestekoa zen lan neketsu hura. Urriaren 20an proiektatuko da udaletxean, 19.00etan. Beharrezkoa izango da aurretik izena ematea info@visitgorliz.eus helbidean edo Gorlizko turismo bulegoaren bidez.

Pertsonaia mitologikoen ilustrazioak eta informazioa

Euskal mitologia da programazioaren beste protagonista, Urrian zehar ‘Mitologia pertsonaiak’ erakusketa ikusi ahal izango da Sertutxena eraikinean. Ilustrazioak, deskribapen zehatzak eta izaki magiko horien inguruko legendak aurki daitezke bertan.

Aritza Bergara idazleak osatu du bildutako informazioa.  «Aukera paregabea izango da Euskal Herriaren herentzia mitologiko aberatsa esploratu eta estimatzeko, Gorliz bezalako kultura eta arte-ingurune paregabean», nabarmendu dute.

Bergarak berak gaiari buruzko hitzaldia eskainiko du urriaren 28an, Ibarreta Plazan, 19.00etatik aurrera, eta Gorlizko ikastetxean bi hitzaldi emango ditu euskal mitologiaren gainean.

Programazioa Gau Baltzarekin itxiko da urriaren 31n. Egun horretan, Ibarreta Plazan musika eta dantza tradizionalak eta «janari tipikoa» egongo da, besteak beste. Arratsaldeko 17.00etan abiatuko da ekitaldia.