GAUR8

Zumaiako Herri Eskolako jolasgunean sortutako eremu naturala saritu dute

Zumaiako Herri Eskolako Aita Mari eraikineko jolasgunea saritu dute Galizan, hiri parke inklusibo onenari eskainitako atalean. Material naturalekin osatutako espazio hezigarria sortu dute hezkuntza komunitateak zehaztutako irizpideak jarraituz, eta harmonia, inklusibitatea edota originaltasuna nabarmendu dituzte.

Cluergalek, Galizako Energia Berriztagarrien Klusterrak, Zumaiako Herri Eskolako Aita Mari eraikinean sortutako jolas eremu naturala saritu du. Hezkuntza komunitatean sortutako ideian oinarrituta, material naturalekin osatu dute espazio hezigarria.

Haurren arteko harremanak eta jolas modu berriak bultzatzea zen helburua, eta zura, soropila eta hondarra bezalako materialak erabili dira jolaserako espazioa atontzeko.

«Diseinua, ingurunearekiko harmonia, irisgarritasuna, erabileraren segurtasuna, originaltasuna eta berrikuntza» nabarmendu ditu epaimahaiak, baita jasangarritasuna edota elementu berezien erabilera eta horiek landaredia gisa integratu izana ere.

Joko-dinamika inklusiboagoak sortu dira

Patioaren birmoldaketak ikuspegi pedagogikoaren aldaketa ekarri duela azaldu du Antxon Etxeberria eskolako zuzendariak. Zehaztu duenez, joko-dinamika inklusiboagoak sortu direla baieztatu ahal izan dute, baita genero ikuspegitik ere.

Eremu ezberdinak ditu parkeak: «gune batzuk jolas fisikorako dira, eta beste batzuk atsedenerako eta jolas sinbolikorako», azaldu du Iban Simon proiektua garatu duen Kimubat enpresako ordezkariak. Nabarmendu duenez, helburua izan da jolasa bultzatzen duena espazioa bera izatea eta ez elementuak.

Galizako erakundeak antolatzen duen Hiri Parkeen Lehiaketan jaso du saria Zumaiako eskolak. Guztira bost sari eman dira, eta Aita Marikoa hiri parke inklusibo onenaren atalean saritu dute, haren «birnaturalizazio pedagogiko eta inklusiboa» nabarmenduz.