GAUR8

Euskal bideojokogintzari eskainia, Jokoteknia jardunaldia egingo dute larunbatean Bilbon

Bideojokoak eta euskara ardatz hartuta, Jokoteknia jardunaldiaren edizio berri bat egingo dute larunbatean Bilbon, Euskal Etxean. Euskarazko edukien sormena, bideojokoen funtzio soziala edo Twitch-eko euskal komunitateak topaketaren osagaietako batzuk izango dira.

Jokotekniaren aurkezpena, Bilbon.
Jokotekniaren aurkezpena, Bilbon. (Azkue Fundazioa)

Jokoteknia Bidoejokoen Euskal Jardunaldiaren seigarren edizioa egingo dute larunbatean, hilaren 11n, Bilbon, Azkue Fundazioak eta Game Etauntsia Elkarteak antolatuta.

Lau hitzaldi eta mahai-inguru izango dira edizio honetan, 9.45ean hasita eta 13.00ak arte. Jardunaldia, gainera, streaming bidez jarraitu ahal izango da EITBren webgunean.

Edukien inguruan, aurreratu dute bideojokoek gizartean betetzen duten funtzioaren garrantzian sakonduko duela jardunaldiak, «ikuspegi soziologikotik abiatuta».

Euskarazko eduki sortzaileen komunitatea ezagutzera ematea, Euskal Twitch komunitateak nabarmentzea eta bideojokoek hezkuntzan duten ibilbidea izango dira jorratuko diren beste gai batzuk.

Jardunaldia, bestalde, bideojoko garatzaile eta ekoizle baten bizipenetara hurbiduko da, esperientziak eta sormen prozesuak partekatzeko.

Gonbidatuen artean, Daniel Muriel, EHUko soziologo eta ikertzailea, bideojoen garrantzi sozialean sakonduko duena; Eider Zabalegi, eduki sortzaile eta bideojokozalea, «edukiak sortzeaz eta euskaraz» arituko dena; Edurne Larrazabal EHUko irakaslea, bideojokoak eta hezkuntza hizpide izango dituena, eta Highnoon Ekain bideojoko garatzaile eta ekoizleak sormen prozesuez hitz egiteko.

Jardunaldia itxiko duen mahai-inguran, gainera, Digipen Europe-Bilbao Institute of Technologyko ordezkariak izango dira, baita Harrobia Ikastolako eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuko ikasleenak ere.