GAUR8

Onintze Salazar meteorologoarekin solasaldia Bidebarrietan, ‘Emakumeek zientzia egiten dute’ zikloan

Bidebarrieta Kulturguneak ‘Emakumeek zientzia egiten dute’ zikloaren edizio berri bat abiaraziko du ostegunean meteorologian aditu batekin: Onintze Salazar Perez. Ibilbide profesionalaren inguruko esperientziez hitz egingo du komunikatzailea ere baden Salazarrek.

Onintze Salazar, artxiboko irudian.
Onintze Salazar, artxiboko irudian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Onintze Salazar Perez meteorologo eta komunikatzailea gonbidatu dute Bidebarrieta Kulturguneko ‘Emakumeek zientzia egiten dute’ zikloaren edizio berrira. Ostegunean izango da solasaldia, Bidebarrietako areto nagusian, 19.00etan.

Ikuspegi ezberdinetatik, emakumea eta zientzia paradigmari heltzen dio zikloak, eta aurreko edizioetan bezala, zientzia arlo ezberdinetan erreferente diren emakumezko figurak bilduko ditu. Zientziaren inguruko adar ezberdinak jorratzea da bigarren helburua, eta publikoarekin partekatzea.

20 urteko ibilbidea

Zikloaren edizio berria zabaltzeko gonbidatuak 20 urteko ibilbidea du meteorologo gisa. Hitzaldian, ibilbide horretan izandako esperientziak partekatuko ditu, bai komunikazioaren ikuspegitik, bai meteorologiaren arloan eman diren aldaketen eta aurrerapenen ikuspegitik, aurreratu dute antolatzaileek.

‘Ni bezalako norbaitek zer egiten du telebista bezalako leku batean?’, komunikazioak eta dibulgazioak zer garrantzia duten, eguraldiaren iragarpena nola eta zergatik hobetu den eta eguraldia nola aldatzen ari den eta etorkizunean zer espero dezakegun izango dira aditua erantzuten saiatuko den galderetako batzuk.

Onintze Salazar Perez Fisikan lizentziatua da, Fisika Atmosferikoa espezialitatean. Ingurumen Ingeniaritzako Masterra eta Kultura Zientifikoko Masterra ditu. Euskalmet/Tecnalian egiten du lan, azken urteotan Euskalmeten informazio meteorologikoaren dibulgazioan eta komunikazioan zentratuta. Lakuako Gobernuko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren aholkularia da Salazar, eta oso ezaguna da ETIB-n, ‘Eguraldia, Zur eta Lur’ komunikatzaile zientifiko gisa.

Sarrera doakoa eta librea da, lekua bete arte, eta aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturgunearen YouTubeko kanalean.