GAUR 8

Hitz Kolpez programaren 9. edizioa 21 ikastetxetako mila gazteri baino gehiagori iritsiko zaie

57 antzerki emanaldi egingo dira azaroaren 9tik abenduaren 1era, Arabako gazteak indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatzen saiatzeko ‘Hitz Kolpez’ programaren baitan. Arabako bigarren hezkuntzako 21 bat ikastetxetako mila ikasle baino gehiagok parte hartuko dutela aurreikusten da.

21 ikastetxetako 1000 gazteri baino gehiagori iritsiko zaie ‘Hitz Kolpez’ programa.
21 ikastetxetako 1000 gazteri baino gehiagori iritsiko zaie ‘Hitz Kolpez’ programa. (HITZ KOLPEZ)

Arabako gazteak indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatu nahi dituen ‘Hitz Kolpez’ programaren bederatzigarren edizioa 21 ikastetxetako mila ikasle ingururi iritsiko zaie 2023an, Gasteizen, Agurainen eta Amurrion emango diren 57 emanaldietan.

Aurten ere, Gazteriaren Foru Erakundearen eta Vital Fundazioaren arteko lankidetzari esker atera da programa, aipatutako udalek ere lagundu dutelarik. Traspasos Kultur antzerki konpainia eszenaratzeaz arduratuko da eta Sortzen genero aholkularitza dinamizatzeaz.

Astelehenean aurkeztu zuten programa prentsaurreko batean Ana del Val Gazteriaren Foru Erakundearen arduraduna den Kultura eta Kirol Saileko diputatuak eta Mikel Gomez de Segura Traspasos konpainiako arduradunak.

Aurten, berriz ere, arreta gazteengan jartzeaz gain, gurasoen kolektiboan ere jarri nahi da, «berdintasunezko hezkuntzarako osa dezaketen ereduari garrantzia emanez, bai eta guraso gisa feminismoaren aldeko borrokan bete dezaketen eginkizunari ere». Horregatik, gazteentzako saioez gainera, gurasoentzako bakarrik emanaldi batzuk emango dituzte; hain zuzen ere, 57 emanaldietatik 12.

Emanaldi eta sarrerei buruzko informazioa agolpedepalabra.com webgunean aurkitu daiteke.