GAUR8

‘Jasangarria da soinean jantzita daukaguna?’, Elhuyarren liburuxka berriak planteatzen duen gakoetako bat gazteak inspiratzeko

Ikasgelan jasangarritasuna lantzeko liburuxka argitaratu du Elhuyarrek. Ikastetxeak energia nondik galtzen duen edota soinean jantzita daukagun arropa jasangarria den moduko galdera gakoak planteatzen ditu.

Gazteei zuzenduta dago Elhuyarren libruxka berri.
Gazteei zuzenduta dago Elhuyarren libruxka berri. (Gorka RUBIO | FOKU)

Elhuyarrek ‘Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko’ izenburuko liburuxka kaleratu du, ikasgelan jasangarritasuna lantzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren laguntza du argitalpenak, eta zenbait proiektu eta hausnarketa eskaintzen ditu, ingurumenarekiko arduraren ikuspegitik.

Elhuyarretik jakinarazi dutenez, hezkuntza komunitatea «inspiratzeko eta laguntzeko baliabideak» eskaini nahi ditu liburuxkak, «gaur egungo gazteek ezinbestean inplikatu beharko baitute ingurumen larrialdiari aurre egiteko».

«Horregatik, interesgarria da ikasgelan gazteekin jasangarritasunari eta klima larrialdiari buruzko hausnarketak eta ekintzak sustatzea, betiere berdintasuna, inklusibitatea eta eraldaketa soziala kontuan hartuta», azaldu dute.

Elhuyarren ‘2022-2023 Gluoien mahaia, gazteak etorkizunerako inspiratzeko’ proiektuaren emaitza da liburuxka. Proiektu horren barruan, zenbait adituren arteko topaketak antolatu ditu, jasangarritasunaz, ingurumen larrialdiaz eta hezkuntzaz eztabaidatzeko, eta, gerora, topaketetan egindako hausnarketa eta lanketen ondorioz sortutako edukiak bilduta osatu da liburuxka.

Argitalpena Pernan Goñiren ilustrazioez osatuta dago, eta bi atal nagusi ditu: lehenengo atalean, jasangarritasuna eta ingurumen-larrialdia gelan lantzeko 20 ideia gako aurkezten dira; bigarren atalean, aldiz, jasangarritasuna lantzeko ikertzaileek proposatutako 20 proiektu inspiragarri daude.

Proiektuen bidez, hainbat galderari erantzun behar diete ikasleek, besteak beste, auto jakin batean 100 kilometro egiteko behar den energiarekin zenbat ogi egin daitezkeen, nondik galtzen duen energia ikastetxeak, jasangarria den soinean jantzita daukaguna edo zer plastiko motak kutsatzen dituzten hondartzak.

Komikiak sareetan eta adituen elkarrizketak

‘Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko’ liburuxka Elhuyarren webgunean deskargatu ahal izango da. Gainera, datozen hilabeteetan liburuxkako edukiaren zabalkundea egingo dute.

Pernan Goñik ilustratutako komiki zintak argitaratuko dira Elhuyarren sare sozialetan eta zientzia.eus webguneko STEAM hezkuntza atalean (zientzia.eus/steam).

Proiektuan parte hartu duten adituei egindako elkarrizketak ere argitaratuko dira, haien ikerketa proiektuak ezagutzeko eta gazteentzat egindako proiektu proposamenen inguruan sakontzeko.