GAUR8

Euskara eta kulturartekotasuna jorratzeko jardunaldia antolatu du Mondragon Unibertsitateak

Euskararen erabilera eta inmigrazioa ardatzen inguruko topaketa antolatu du Mondragon Unibertsitateak abenduaren 1erako. UEMAko zenbait udalerriko eragileek hezkuntza komunitateetan garatu dituzten esperientziak partekatuko dituzte.

UEMAren ‘Egin nirekin euskaraz’ kanpainaren aurkezpena.
UEMAren ‘Egin nirekin euskaraz’ kanpainaren aurkezpena. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatzen duen «Euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza-komunitateetan» jardunaldiaren bigarren edizioan, immigrazioa eta euskararen erabilera aztertuko duen topaketa egingo dute abenduaren 1ean, Eskoriatzako campusean.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide diren hainbat udalerritako hezkuntza-komunitateetan azken bi urteotan gauzatzen ari diren esperientziak izango dira protagonista nagusiak. Aurreratu dutenez, Zestoa, Aizarnazabal, Ondarroa, Ibarra eta Leitza batu dira 2021ean Zaldibian abian jarritako ekimenera.

Topaketa 9.15ean hasiko da, eta Nagore Ipiña Fakultateko dekanoaren lehen agurraren ostean, Karmele Perez Lizarralde irakasle eta ikertzaileak hartuko du hitza, jardunaldiaren gaian sakonduz.

Familien rola

Zaldibiako proiektuan parte hartu duten zenbait gizarte eragilek parte hartuko dute, baita UEMAko eta Zestoako partaideek eta familiak ere, «euren rola zein den eta euskaldunzte-prozesua nola bizi duten azaltzeko».

Ekitaldia euskaraz izango da, baina gaztelaniaz ere eskainiko dute Telegram bidez. Parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena webgunean.