Basogintzari begirada, sektorea inflexio puntu batean dagoenean

Datua deigarria egin zaigu: 2022-2023 denboraldian Gipuzkoan gehien landatutako zuhaitza sekuoia izan da. Nahigabe ere, pentsamendua Californiako parke nazionalera eta bertako zuhaitz erraldoietara joan zaigu. Baina anekdotatik haratago, basogintza ereduen inguruko hausnarketa beharrezkoa da. Larunbat honetan gure hondar alea jartzen saiatuko gara.

Euskadiko Basogintza Konfederakundeak argitaratutako datuen arabera, 2022-2023 denboraldian Gipuzkoan gehien landatutako zuhaitza sekuoia izan da. Eta bere aldizkarian erreportaje zabal bat eskaini dio espezieari eta bere ezaugarriei.

Nabarmentzen denez, sekuoia Euskal Herriko klimara ongi egokitu daiteke, suteekiko erresistentzia handia erakusten du eta ustiaketarako ere ezaugarri interesgarriak ditu. Bere zur gorria oso kotizatua omen da merkatuan, egur asko sortzen du eta mantentzeko ez du elementu kimikorik behar.

Euskal Herriko basoetan kanpoko espezien aldeko apostua egiteak, ordea, zalantzak sortzen ditu, eta ikusi besterik ez dago eukaliptoarekin azken urteotan sortu den eztabaida. Horregatik, larunbat honetan egoeraren erradiografia zehatz bat egiten saiatuko gara GAUR8n, Markel Arriolabengoa baso ingeniarirekin hitz eginez.

Arriolabengoa Tantai Baso jabe kooperatibako kidea da, basogintza eredu jasangarria lantzen duen kooperatiba, eta bere esperientzia kontatu digu. Aipatzen digunez, sekuoiaren aldeko apustua Insignis pinuaren gainbeherarekin lotuta dago, xingola marroia izeneko gaitzaren eraginez.

Horrekin batera belaunaldi aldaketa bat ere egon dela aipatzen du eta sektorea «inflexio puntu» batean dagoela. «Kasu askotan hurrengo urteetan zer egingo dugun erabakitzen ari gara, hurrengo zikloa zein izango den. Landaketa berriak egiten ari gara, alegia».

Eta erabaki horiek hartzerakoan aukera jakin batzuek dituzten arriskuez ohartarazi du. Batez ere, espezie bat edo beste landatu baino garrantzitsuena basogintza eredua aldatzea dela dio, inpaktu baxuko basogintza jasangarri baten alde eginez.

Hain zuzen ere, eredu jasangarri horren nondik norakoak aipatzen ditu Arriolabengoak testu hau osatzen duen bideoan, eta luze eta zabal aletuko ditugu larunbatean argitaratuko den erreportajean.