Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Gaur X urte

‘Ttotto’ hilik agertu zen Errenterian duela 25 urte

Gaur beteko dira 25 urte Joxelu Geresta Mujika zizurkildarra hilda agertu zela Errenteriako Zamalbide auzoan, buruan tiro bat zuela. Bertsio ofizialak bere buruaz beste egin zueneko tesia zabaldu zuen, baina zalantza asko sortu zuen autopsia berak, gerra zikinaren zantzuak antzeman daitezkeelako. Heriotza ez da sekula ikertu, ezta epaitu ere.

Joxelu Gerestaren oroigarria, Zizurkilen.
Joxelu Gerestaren oroigarria, Zizurkilen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

29 urte zituen Jose Luis Geresta Mujika ‘Ttotto’, 1999ko martxoaren 20an, inoiz argitu ez den moduan hilik agertu zenean. Errenteriako Zamalbide auzoko belardi batean agertu zen, buruan tiro bat zuela. Ertzaintzak bere buruaz beste egin zueneko tesia zabaldu zuen baina gerra zikinaren hipotesiari bide ematen zioten datuak agertu ziren: hauen artean, norbaitek bi hagin bortizki kendu zizkiola.

Gertatutakoa ez da inoiz epaitu, ez eta ikertu ere: are gehiago, 2000. urtean jada itxi zuten salaketa espainiar auzitegiek.

Egiari Zor-Zizurkilgo Herri Oroimenak duela guxi argitaratu duen artikulu batean, bere kasua argitu dezala eskatzeaz gain, Gerestaren heriotzaren bertsio ofizialaren inguruko zalantza ugari plazaratu ditu. Esaterako: «Bertsio ofiziala agertu orduko prest zegoela zirudien, suizidioa. Epaitegiko medikuak egin zion lehen autopsiak ere hori berretsi zuen, baina familiaren konfiantzazko mediku bat aurrean zela egin zen bigarren autopsiak beste errealitate bat erakutsi zuen. Lehen autopsia horretan ez zizkioten hainbat proba egin, ahoa bera ere ez zioten ireki. Bigarren autopsian ikusi zen bi hagin erauzita zeuzkala gorpuak, eta hirugarren hagin bat zehaztapen handiko instrumentu batekin zatituta zeukala. Odola antzematen zen; beraz, erauzketa traumatikoa zela baieztatu zen, eta, gero egindako txostenek azaldu zutenez, heriotza gertatu aurretxoan edo ondorengo minutuetan kendu zizkioten». 

Heriotza honen inguruan erantzunik gabeko galdera ugari daude argitzeke, beraz. Bizpahiru egunetan desagertuta egon zen ETAko militantea eta ingurukoek uste dute agian poliziak bahitu eta drogatu egin zuela. Hori esan omen zion berak lagun bati bederen, hortzetan txip bat ezarri ziotelaren beldur zelako.

Joxe Arregi eta Ttotto biktimak ez ote diren galdetu zien 2008an Zizurkilgo ezker abertzaleak agintariei eta gainerako alderdiei, bi herritar horiek gogoratzen dituzten plazen izenak aldatzeko kanpaina baten harira. Gatazka orok biktimak «alde guztietan» eragiten dituela gogorarazi zuen orduan, «modu eta kopuru berean ez bada ere», eta gehiago izan ez dadin lan egiteko prest agertu zen.