GAUR8
Gaur X urte

Ijitoen lehen mundu kongresua egin zen Londresen

Rom Herriaren Nazioarteko Eguna da apirilaren 8a, egun horretan egin baitzen duela 53 ijitoen lehen mundu kongresua, Londresen.

Lehen kongresuan onartu zen ijitoen bandera.
Lehen kongresuan onartu zen ijitoen bandera. (Wikimedia)

Mundu osoko 28 herrialdeetako ijito talde bat elkartu zen duela 53 urte Londresen, Ijitoen lehen mundu kongresuan. Beraien egoeraz hitz egin eta etorkizuna amesteko egin zuten kongresua, eta orduz geroztik apirilaren 8a Rom Herriaren Nazioarteko Eguna izendatu zen.

Astebete iraun zuen ijitoen biltzarrak, beraiek erabaki nahi zuten herri gisa zein zen euren «patua». Eta horretarako, beren nortasun-ezaugarriei, koordinazio moduari, mundura aurkezteko eta beren kultura aldarrikatzeko moduari buruz hausnartu eta eztabaidatu behar zuten.

Bertan aukeratu zen Rom Herriaren bandera, kolore berde eta urdinetan askatasun mezua daramana. Antzinako doinuetan oinarritutako Gelem ereserkia ere kongresu horretatik jaio zen. Jarko Jovanovichek bere balalaikarekin konposatu zuen, eta Bigarren Mundu Gerran nazien eskuetan sufritu eta hil zituzten ijitoei egindako omenaldia zen. Era berean, hainbat batzordetan lanean jarraitzea adostu zuten, baita estaturik gabeko herria dela mundu osoan aitortzea ere.

Orduz geroztik beste bost kongresu egin dira. II.Kongresua Genevan, III.a Götingen-en, IV.a Poloniako Serocken eta azkena, V.a Pragan egin zen 2020an. 1978ko kongresuan eratu zen mundu mailan Rom batasuna, eta hurrengo urtean, NBEren aitorpena eta kontsulta estatusa lortu zuten.

Gaurko eguna Rom Herriaren nazioarteko egun bilakatu zutenetik, ibaiertzera hurbiltzen dira ijitoak beren askatasun sentimendua sinbolizatzen duten lore petaloak botatzera. Egun, 20 milioi ijito bizi dira munduan, eta horietatik 15 milioi Europan bizi dira.