GAUR8
Gaur X urte

1947an Espainiako Errepublikako bandera erraldoia jarri zuten Arrasaten

Arrasaten agertu zen bandera errepublikarra 1947ko apirilaren 11an. Inguruetako ikusmina sortu zuen, baina eguerdirako kendu zuten.

Errepublikaren bandera, Arrasaten, 2011. urtean.
Errepublikaren bandera, Arrasaten, 2011. urtean. (Juanan RUIZ | FOKU)

Duela 77 urte Arrasaten Espainiako Errepublikako bandera erraldoia agertu zen. Gauez jarri zuten eta eguerdiko ordubi eta erdiak arte egon zen 25 metroko telegrafoaren zutoinean. Ikusmin handia sortu zuen banderak, inguruko herrietatik ere bertaratu zen jendea bandera ikusteko.

Fermin Arabolaza izan zen bandera jarri zuena, ‘Memoria partekatu baterantz. Arrasate 1936-1956. Gerra, erresistentzia eta frankismoa’ liburuan azaldu zituen bere oroitzapenak:

«Bandera dela eta, kideei ezer esan aurretik, zenbait gautan, Portaloitik begira aritu nintzen ideia bideragarria zela ziurtatzeko. Egin zitekeela ikusi nuen. Ilargi gaua ez bazen, ia ez zen zutoina bereizten, eta lainotuta zegoenean ez zen ezer ikusten. Bandera jarri nuen gaua iluna izan zen. Ideia azaldu nien eta espero bezala begi onez ikusi zuten. Hasiera batean, pentsatu genuen bandera apirilaren 13an jartzea, baina iritziz aldatu genuen, pentsatu baikenuen gau hartan zaintza handia egongo zela; azkenean, hilaren 11n, larunbatean jartzea erabaki genuen. Hurrengo egunean eguraldi zoragarria zegoen. Eguzkiari itzala egiten zion bakarra zutoinetik bi metrora zegoen bandera eder hura zen. Uste dut txakurrak ere Portaloitik igaro zirela. Bergaratik bizpahiru kotxe etorri ziren bandera ikustera, horrekin guztia esanda dago, ezta, ala?»

Kontatzen du bandera egiteko tela txuria erosi zutela eta etxean tintatu zutela pistarik ez emateko. Hasiera batean apirilaren 14an kokatzea pentsatzen zutela, baina kontrol handiegia egongo zelakoan lehenago egitea erabaki zuten.

Ricardo Zabaleta karlista izan zen igo, bandera kendu eta lurrera bota zuena. Eta sari bezala kuartelean pistola bat eman zioten.