GAUR8

Edukiak euskaraz eta beste zortzi hizkuntzatan, Elhuyarrek eta Ikastolen Elkarteak garatutako sistemari esker

Webguneko edukiak euskaraz eta beste zortzi hizkuntzatan irakurtzeko aukera ematen duen sistema garatu dute Elhuyarrek eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean. Orioko herri Ikastolan estreinatu da.

Orioko Herri Ikastolaren instalazioak, artxiboko irudian.
Orioko Herri Ikastolaren instalazioak, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Elhuyarrek eta Ikastolen Elkarteko IKT taldeak webguneetako edukiak hizkuntza ezberdinetan ikusi ahal izateko sistema garatu dute. Elkarlanean bultzatutako egitasmoa Orioko Herri Ikastolaren web orrian estreinatu dute.

Elhuyarren ‘Elia’ itzultzaile automatikoa webgunean txertatu dute, eta horri esker euskaraz agertzen den edukia beste zortzi hizkuntzatan jaso ahal da.

Erabili beharreko prozedurari dagokionez, azaldu dute webgunearen goiko aldeko barran ‘Elia’ itzultzailea agertzen dela. Itzultzaile automatikoa erabiliz «gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez, galizieraz, errumanieraz, urduaz eta arabieraz» irakur daitezke webguneko eduki guztiak.

Egitasmoa inklusioaren ikuspegitik suposatzen duen aurrerapausoa nabarmendu dute. «Modu honetara, euskara ez dakiten ikastolako komunitateko gurasoek eskura dute euren hizkuntzan ikastolak webgunearen bitartez eskaintzen duen informazio guztia, eta elkarrekin errazago eta arinago komunikatu ahal izateko aukera eskaintzen du», adierazi dute.

Inklusiorako urratsa

Erantsi dutenez, Orioko Herri Ikastolarentzat «inklusiorako behar beharrezko beste pauso garrantzitsu bat» izan da, «nork bere ama-hizkuntzan informazioa jasotzeko aukera ematen baitu». Izan ere, gogoratu dute ikastetxeak «Euskal Herrira etortzen direnen jatorrizko izaera errespetatuta» helburutzat jarri duela «euskal herritar izateko baliabideak eskaintzea eta, aldi berean, euren ekarpenak «aberastasun gisa ulertzea». Horretarako, Kultura-aniztasun Taldea sortu zutela ekarri dute gogora.

Orioko ikastola izan da sistema aplikatu duen lehena, baina beste ikastola batzuek sistema txertatzeko interesa agertu dutela esan dute. Horregatik, Ikastolen Elkarteko IKT taldea eskariei erantzuteko bideak aztertzen ari dela aurreratu dute.