GAUR8

Urtarrilean hasiko dira Barakaldoko historiari buruzko bisita gidatuak

Urtarrilaren 19an izango da Barakaldon herriko historiarekin lotutako ibilaldien lehen hitzordua. Udalerriaren sorrera gaur egunera arteko ibilbide historiko horiek geldiune ezberdinak izango dituzte irailera arte, fokua meatzaritza edo lantegiak bezalako elementuetan jarrita.

Labe Garaietako eraikinak, artxiboko irudian.
Labe Garaietako eraikinak, artxiboko irudian. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Herriko historia eta arkitekturari buruzko ibilbide gidatuen programazioak edizio berria izango du 2025ean. Barakaldoren «aberastasun historikoa, industriala, ingurumenekoa eta kulturala» ezagutaraztea helburu duen ekimenak 16 ibilbide eskainiko ditu. Urtarrilean hasiko dira eta irailera arte iraungo dute.

Barakaldoko Udalak nabarmendu du ibilbideak aukera paregabea direla udalerriko «istorio harrigarrienak ezagutu» eta iragan industrialean eta ondare arkitektonikoan murgiltzeko.

Lehenengo ibilbidea urtarrilaren 19an egingo dute. Bi orduko iraupena izango du, 11.00etatik 13.00etara, eta urteko lehen hilabeterako aurreikusitako beste bi hitzorduak bezala, Barakaldoren historian sakontzea izango du helburu, Erdi Aroan sortu zenetik gaur egun arte. Clara Campoamor kultur etxetik abiatuko da.

Otsailean, iragan industriala izango da protagonista. Horrela, 9 eta 16rako finkatutako eta bi orduko iraupena duten txangoek historiaren tarte hau landuko dute, meatzeetatik hasi eta labe garaietaraino. Renfeko Desierto geltokian hasiko dira biak.

Martxoa Barakaldoko arkitekturari dedikatuta egongo da. Hilaren 16ko eta 23ko ibilbideetan, migrazioak eta horiek herriko hirigintzan duten eragina aztertuko dute. Renfeko Desierto geltokitik abiatuko dira bi hauek re, eta bi orduko iraupena izango dute.

Apirilaren 6ko eta 13ko ibilbideetan, «monumento-multzo gisa» onartuak izan diren Barakaldoko kargategietan zentratuko dira. Portuko dartsenatik abiatuko dira eta bi orduko iraupena izango dute.

Meatzaritza, udaberrian

Maiatza, bestalde, meatzaritzarekin lotuta egongo da. Hilaren 11n eta 18an, El Regato haraneko meatze-ustiategi zaharrera igotzea proposatzen dute. Ibilbideak 4 kilometro ditu, asfaltotik doa eta maldak ditu; beraz, oinetakoak eta arropa erosoa erabili behar dira.

Programak Barakaldoko ondareari begira emango dio hasiera udari. Ekainean, beraz, ibilbide bat egingo da Santa Agedatik Larrazabalgo eskoletara. Ibilaldiak ekainaren 15ean eta 22an programatu dira, igandeetan, Landeta kaleko autobus geltokitik abiatuta.

Santa Ageda ermitara, autobusez igoko dira parte hartzaileak Hala ere,  Larrazabalgo eskoletarako ibilbidea oinez egingo denez, arropa eta oinetako erosoak janztea gomendatzen dute.

Uztailean ingurumena izango da gai zentrala, eta bi ibilbide antolatu dira (hilak 13 eta 20) Gorostizan eta El Regaton zehar. CIHMAtik abiatuta, 5 kilometroko ibilbide zirkularra da. Azkenik, irailean Munoa Losa finkaren inguruan izango da ibilbidea, hilaren 21ean eta 28an.

Programatutako ibilbideetan parte hartu nahi dutenek irteera baino hiru egun lehenago eman behar dute izena 010 edo 944 789 200 telefonoetan, www.barakaldo.eus udal webgunean edo Barakaldo APP doako mugikorreko aplikazioan.

Izapidea modu telematikoan egiteko (web eta App), beharrezkoa da B@KQ doako ziurtagiri digitala izatea. Ziurtagiri hori Herriko Plazako, Gurutzetako eta Clara Campoamorreko Herritarren Arretarako bulegoetan jaso daiteke.