15 urte igaro dira Burj Khalifa munduko eraikinik garaiena ireki zutenetik
Gaur 15 urte, 2010eko urtarrilaren 4ean, zabaldu zuten Burj Khalifa etxe-orratza, munduko eraikinik garaiena. Arabiar Emirerri Batuetako Dubai hirian dago eta 828 metro neurtzen ditu. Inaugurazioarekin batera, ordura arte Burj Dubai izenarekin ezagutu zenaren izen berria jakinarazi zuten.
2010eko urtarrilaren 4ean, duela 15 urte, zabaldu zuten Arabiar Emirerri Batuetako Dubai hirian dagoen Burj Khalifa etxe-orratza. 828 metroko altuera du eta munduko eraikinik garaiena da.
Eraikitzeko lanak 2004aren urtarrilaren 6an hasi ziren eta eraikitzerakoan Burj Dubai (Dubai dorrea) izenarekin ezagutu zen. Izen ofiziala Arabiar Emirerri Batuetako presidente eta xekeari zor dio, Khalifa bin Zayed Al Nahayan izenekoa.
Gaur egun Downtown Dubai izenez ezagutzen den garapenaren erdialdea da dorrea, 2 kilometro koadroko konplexua, Dubai hiria zeharkatzen duena. Arkitekto nagusia Adrian Smith izan zen, 2006 arte Skidmore, Owings eta Merrill enpresarekin batera lan egin zuena.
4.000 milioi dolar baino gehiagoko aurrekontuarekin egin zen, baina 20.000 milioira igo zen guztiz garatzeko. Kostuaren zati bat Mohamed din Rashid Al Maktoum emirarren familiak finantzatu zuen.
2007ko uztailaren 21ean Emaar Properties sustatzaileak iragarri zuen Burj Dubaik ordurako Taipei 101 etxe-orratzaren altuera gainditu zuela, alegia, errekorra. 2009ko urtarrilaren 17an Burj Khalifa bere gehienezko altuerara, 828 metrora, iritsi zen eta gizakiak inoiz eraikitako egiturarik altuena bihurtuz.