GAUR8
Gaur X urte

Lola Iturbe kataluniar anarkosindikalista eta feminista libertarioa hil zen duela 35 urte

Lola Iturbe Arizcuren Bartzelonan jaiotako anarkosindikalista eta feminista libertarioa izan zen. 1990eko urtarrilaren 5ean, gaur 35 urte, hil zen Gijonen. CNT sindikatuko militantea eta Mujeres Libres erakunde libertarioaren sortzaileetako bat izan zen.

Lola Iturbe anarkosindikalistaren erretratua.
Lola Iturbe anarkosindikalistaren erretratua. (Wikimedia Commons)

1990eko urtarrilaren 5ean zendu zen, 87 urterekin, Lola Iturbe Arizcuren anarkosindikalista eta feminista libertario katalana, gaur 35 urte. CNT sindikatuan militante izan zen, Mujeres Libres erakunde libertarioaren sortzaileetako bat izan zen eta nazien aurkako Barne Erresistentzian parte hartu zuen.

Ama Nafarroakoa zuen, Elokoa, baina ezkongabea zenez Bartzelonara joan zen bizitzera eta bertan jaio zen Lola. Bere egoera ekonomikoagatik, amak alaba jaio berria senar-emazte batzuekin utzi behar zuen eta hauek Iturbe Valentziako herri batera eraman zuten. Zazpi urte zituela ama itzuli eta Bartzelonara eraman zuen berriz.

1919-1922 urteetan, Germen Taldeko emakume aktibo bakarra izan zen eta 1926an, Juan Manuel Molina Herrero, Juanel, senarra erbestera joan behar izan zenean, Parisera joan ziren senar-emazteak bi seme-alabekin. Ondoren, Belgikan izan ziren. Han, Durruti, Ascaso eta beste batzuekin ‘La Voz Libertaria’ (Ahots libertarioa) argitaratu zuten eta Defentsa Batzorde Anarkista osatu zuten.

36ko Gerran hainbat ardura hartu zituen: kanpaina-ospitaleetan parte hartu zuen, Milizia Antifaxistako kidea izan zen, eta, kazetari gisa, Aragoiko frontean berriemaile ibili zen eta ‘Tierra y Libertad’ (Lurra eta Askatasuna) aldizkari teorikoaren bozeramaile konfederala izan zen.

Okzitaniako Tolosara erbesteratu ondoren, 1978an Estatu espainolera itzuli zen ‘Tierra y Libertad’ aldizkariaren korrespontsal gisa, Juan Garcia Oliverrek sinaturiko nortasun-zedulaz baliatuta. Asturiasen hil zen.