Mari Carmen Montoya aitzindari zornotzarra duela urtebete hil zen
Mari Carmen Montoya Azkuna (Zornotza, 1925eko apirilaren 1a - 2024ko urtarrilaren 8a) herri baten memorian iltzatuta gelditzen den emakumea izan zen. Farmazialaria lanbidez, Zornotza Xake Klubeko presidentea izan zen 40 bat urteetan eta, bere ekimenari eta lanari esker, belaunaldi askotako gazteek xakean aritzeko aukera izan zuten Bizkaiko herri honetan.
98 urte zituela hil zen iaz Mari Carmen Montoya zornotzarra. Emakume aitzindaria izan zen, farmazialaria ogibidez eta herriko hainbat elkartetako partaide aktiboa, Caritasen eta alargunen elkartean boluntario aritu baitzen, eta hitzaldiak ematen zituen emakumeen kolektibo batean. Baina batez ere xakearen zaletasunaren alde egin zuen lanagatik zen ezaguna.
Aita xakezale amorratua zuen, baina Mari Carmeni Santiago de Compostelan sartu zitzaion xakearen zaletasuna barruraino. Farmazia ikasketak egin zituen Santiagon; bizi, komentu batean. Han hasi zen jolasten bertako moja batekin. «Bakardadeari aurre egiteko modua izan zen. Nire aitari ere gustatzen zitzaion xakea, eta jokatzen zuen, baina batez ere Galiziako urte haietan zaletu nintzen xakera, eta harrezkero mantendu egin dut», kontatu zion ‘Anboto’ aldizkariari.
Behin Zornotzara bizitzen etorrita zaletasunari eutsi zion eta klubeko aurreko presidenteak, Agustin Zamakonak, kargua utzi zuenean Montoyari eskatu zion erreleboa hartzeko. Urtebeterako edo birako izango zelakoan, lau hamarkada iraun zuen karguan.
Zornotzan oso ezaguna zen Montoya farmaziako erakusmahaiaren atzean urte luzeetan egindako lanagatik. Baita herriko ekimenetan parte hartzaile aktiboa zelako ere.
2015ean Zornotza Xake Klubari egokitu zitzaion jaietako txupinazoa botatzea, eta haren ordezkari nagusi moduan, Montoya igo zen udaletxeko balkoira pregoia irakurri eta txupinazoa piztera. Gaur egun, Zornotza Xake Kluba Bizkaiko klub garrantzitsuenetako bat da. Zelaieta zentroan lokal bat du elkarteak eta azken urteetan Euskadiko Xake Txapelketa ospetsua antolatzeaz arduratu da.