GAUR8

Herri krosarekin abiatuko da San Antontxu jaien programazioa igandean, larunbateko azokara begira

Mila korrikalari baino gehiago biltzea espero duen herri krosak zabalduko du igandean San Antontxu jaietako programazioa, hurrengo asteburuko ekitaldi nagusietarako motorrak berotuz. Larunbatean izango da tradizio handiko azoka, eta hurrengo egunean, odoloste eta txorizo lehiaketa.

Ganadua Mungiako San Antontxu jaietan, artxiboko irudian.
Ganadua Mungiako San Antontxu jaietan, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Igandean abiatuko diren San Antontxu jaietako programazioa aurkeztu du Mungiako Udalak, herriko elkarteekin, Jataondo, Uribeko Landa Garapenerako Agentziarekin eta BBKrekin elkarlanean antolatuta.

San Antontxu Herri Krosaren XXV. edizioak irekiko ditu ospakizunak igandean. Mungia Atletismo Taldeak antolatuta, ehunka korrikalari biltzen dituen kirol proba 10.30ean hasiko da. Trobika kalean hasita, bi ibilbide izango ditu, bost eta 10 kilometrokoa, eta nagusien lasterketa amaituta hasiko da txikien txanda.

Ohar batean Udalak adierazi du 1.100 parte hartzaile espero dituztela sei adin-tartetan banatuta.

Barikuan, hilaren 17an, San Anton eguna ospatzeko ekitaldien artean Doctor Deseo taldearen ‘Suavemente me mata con su canción’ ikuskizuna nabarmendu dute udal iturriek, emanaldiak «Aiora Renteria, Itziar Sanchez (dantzaldia trapezioan) eta Maitane Goñiren (zeremonia-irakaslea)» kolaborazioa duela azpimarratuz.

San Antontxuko ohiko feria larunbatean izango da, hilaren 18an. Ganadu, animalia, artisau produktu, landare eta fruta erakustaldiak Gure Ametsa Txistulari Taldearen animazioa izango du, baita Sestaoko gaiteroena eta Miren, Idoia eta Roberto Etxebarriak girotutako entretenimendua.

Azokari dagokionez, zehaztu dute 11.00etan hasiko dela arrazen aurkezpena, eta animalien ondoan nekazaritzako eta lorezaintzako makinen, fruta-arbolen, apaingarrien eta nekazaritzarako tresnen erakusketa egongo dela.

LH Mungiako karpaz gain Txu-txu trena eta Gazteleku fanfarrea eta Amilotx Dantza taldearen animazioa egongo da. Esku pilotako partida profesionalak izango dira arratsaldean Udal Pilotalekuan. Jai giroa berandura arte luzatuko da Txikuri fanfarrearen eskutik eta Trikitizioren erromeria eta Ismeder DJ-aren eskutik.

Odoloste eta txorizoaren eguna

Odoloste eta Txorizoen lehiaketaren XXVII. edizioa urtarrilaren 19an izango da, eta ohiko bost kategoria izango ditu: barazki-odolkia, arroz-odolkia, txorizoa, tokiko barazki-odolkia eta tokiko txorizoa.

Egun horretan bertan. Lapikoko Eguna ospatuko da Indaba Lehiaketaren XIII. edizioarekin batera. Domeka horretan bertan bertso saioa izango da. Jone Larrinaga izango da gai jartzailea eta Aitor Etxebarriazarraga, Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Aitor Esteban bertsolariak izango dira bertan.

San Antontxu jaien ospakizunen barruan, gimnastika erritmikoaren erakustaldia izango da urtarrilaren 26an  eta otsailaren 2an, Markel Garitanoren oroimenezko XX MTB San Antontxu Martxa izango da.