Rod Stewart musikariak 80 bete ditu gaur, agur bira prestatzen ari denean
80 urte bete ditu gaur Rod Stewart rock musikaren legenda biziak eta, iaz iragarri zuenez, dagoeneko kontzertu handiei agur esateko prest dago: «Adats osoa daukat eta 100 metro egin ditzaket 18 segundoan», adierazi zuen bere betiko umore ukituaz. Agur bira ez da makala izango dena den, otsailetik abuztura arte luzatuko baita.
Otsailaren 22an, eta Atlantic City hirian, emango dio hasiera Rod Stewartek (Londres, 1945eko urtarrilaren 10a) ‘One Last Time’ izeneko agur birari. «Hau izango da niretzat neurri handiko munduko biren amaiera, baina ez dut erretiratzeko inolako asmorik», iragarri zuen iaz Rod Stewartek bere Instagrameko kontuan. «Nik egiten dudana maite dut eta maite dudana egiten dut», gaineratu zuen bere umore bereziarekin, oraindik ere sasoian eta energiaz beteta sentitzen dela adierazi nahian.
Bere ahots erlastuagatik, balada erromantiko eta rock gogorreko abestiengatik da ezaguna Rod Stewart. 1971n errekor guztiak hautsi zituen, ‘Every Picture Tells a Story’ diskoak eta ‘Maggie May’ abestiak Ingalaterrako eta Estatu Batuetako disko eta abesti salduenen zerrendako lehen postua lortu zutenean.
Ordutik hainbat bira eta kontzertu eman ditu rock munduko izar honek. «Jada ez naiz 70eko eta 80ko hamarkadetakoa. Ezin naiz gau osoan esna egon, mozkortu eta erotu, eta, hala ere, nire ahotsa ondo mantendu», aitortu berri du eskaini duen elkarrizketa batean. Adinarekin datozen muga fisikoen jakitun omen da, behingoz, Stewart. Baina osasuntsu dago.
Horren adibide, aurten egingo duen bira: 20 kontzertu lotu ditu Estatu Batuetan eta Kanadan, eta abuztuaren 15ean amaituko ditu Missouriko St. Louisen. Europan ere data batzuk finkatu ditu, baina ez du Euskal Herritik gertu ibiliko. Zaletuek Alemania edo Italiara jo beharko dute Rod Stewart bere azken biran ikusi ahal izateko.
Bira honetako errepertorioa bere arrakastez betetako katalogo zabala islatuko du: ‘Maggie May’, ‘Forever Young’, ‘Da Ya Think I’m Sexy?’, ‘The First Cut Is the Deepest’ eta ‘Young Turks’ bezalako klasikoekin. Hain justu, iaz Stewartek bere musika-katalogoa Iconic Artists-i saltzeko erabakia hartu zuen, 100 milioi dolarren truke. Akordio horrek argitaratzeko eskubideak hartzen ditu eta ondarea ziurtatuko dute.
Denboraren joanari buruz galdetu zioten ‘The Sun’ egunkariko elkarrizketa batean, orain gutxi, eta hau esan zuen: «Ohartzen naiz nire egunak zenbatuta daudela, baina ez dut beldurrik. Denok ontzi berean gaude. Azken urte hauetaz ahalik eta gehien gozatzeko asmoa dut. Urte ‘gutxi’ gelditzen zaizkidala diot, baina beste 15 bat urte geratuko zaizkit, ziurrenik. Eta egin dezaket, erraza, laguna, erraza».