Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Gaur X urte

Amelia Earhartek Hawaii eta Kalifornia arteko bidaia aitzindaria egin zuen duela 90 urte

1935eko urtarrilaren 11ean, Amelia Earhart pilotu estatubatuar mitikoa Honolulutik (Hawaii) atera zen, Ipar Ameriketara bakartian egindako lehen hegaldian. 18 ordutan 2.400 milia osatu ondoren, Oaklandeko (Kalifornia) aireportuan lurreratu zen hurrengo egunean, 8.000 oineko hegaldi altitudean txokolate bero batez eta Opera Metropolitanoaren transmisio batez gozatu ondoren.

Amelia Earhat, bere hegazkiaren aurrean 1937ean.
Amelia Earhat, bere hegazkiaren aurrean 1937ean. (National Portrait Gallery | WIKIPEDIA COMMONS)

1898an jaio zen Amelia Earhart (Atchinson, Kansas, AEB, 1897ko uztailaren 24a – 1937ko uztailaren 2an Ozeano Barean desagertua), inoiz izan den emakume piloturik ospetsuena. Abiazioaren aitzindaria izan zen, eta XX. mendeko figura enblematikoa. Bere garaian, Hollywoodeko izarren mailako ospea izan zuen, eta fama hori emakumeen eskubideak sutsu defendatzeko erabili zuen, hegazkingintzan emakumeen parte-hartzea aktiboki sustatu zuelarik.

Bere ausardiak eta abenturazaletasun izpiritu nekaezinak beraien ametsak jarraitzera bultzatu zituen hurrengo emakumeen belaunaldiak, garaiko konbentzio sozialei desafio eginez.

Hegazkinekiko interesa piztu zitzaion 1920an aire-azoka batera joan ondoren, non hamar minutuko hegaldi labur batek bere pasioa piztu zuen.

Eta 1932ko maiatzaren 21ean Amelia Earhartek Charles Lindbergh marka errepikatzea lortu zuen: Atlantikoa bakarka zeharkatuko zuen lehen emakumea bihurtu zen, bere hegazkina Londonderryn (Irlanda) lurreratu zuenean. Charles Lindbergh estatubatuarrak Ozeano Atlantikoa hegazkin batean eta bakarrik zeharkatzea lortu eta bost urtera egin zuen marka berria Ameliak.

Hala ere, Lindberghek bere hegaldi historikoa egin zuenean ez bezala, Earhart oso ospetsua zen bere hegaldi transatlantikoa egin aurretik. 1928an, zehazki, hiru kideko eskifaiako kide gisa, Atlantikoa hegazkin batean gurutzatu zuen lehen emakumea izan zen. Baina zeharkaldian hegazkinaren erregistroa eramatea izan zen bere eginkizun bakarra. Halere, ekitaldiak ospe nazionala ekarri zion.

1935eko urtarrilaren 11an Honolulu (Hawaii) eta Kalifornia lotu ahal izan zituen, bakarrik berriz ere. Handik bi urtera, munduari bira ematen saiatu zen Frederick J. Noonan kopilotuarekin. Lockheed Electra 10-E bimotor batean Ekuadorreko lerroa jarraituko zuten, baina bere hegazkina galdu egin zen, Ginea Berriaren eta Hego Pazifikoko Howland uhartearen arteko lekuren batean. 1937ko uztailaren 2an desagertu zen, zehazki.

Erregai gutxi zuen seinale bat atzeman zuten irrati operadoreek. Aireratu eta hogei ordura, bere azken mezua igorri zuen, ipar-hego linean zihoazela esanez. Ez zuten gehiago haren berririk izan. Urteetan, hamaika hipotesi izan dira haren heriotzaren inguruan. AEBetako Gobernuaren hipotesi ofizialak dioenez, hegazkinak ozeanoan bukatu zuen arazo mekaniko bat tarteko edo erregai faltagatik, eta haren gorpua Pazifikoko uretan hondoratu zen. Zientzialari askok, baina, ez dute hipotesi hori onartzen, eta hainbat ikerketa egin dituzte gezurtatze aldera.

Tradizioz gizonezkoak nagusi izan diren mundu horretan, Atlantikoa zeharkatu zuen lehen emakumea izateaz gain, altuera eta abiadura handienean hegan egin zuena ere izan zen. Horrez gain, abiadura eta distantzia errekor ugari ezarri zituen.