Haitiko lurrikara hilgarriaren 15. urteurrena da gaur
2010eko urtarrilaren 12an, 35 segundoz dar-dar egin zuen Haitik. Minutu erdi pasatxo nahikoa izan zen herrialdea txiki-txiki uzteko eta nazioarteko laguntza militarizatuaren historiako orrialderik tamalgarrienetako bati hasiera emateko. Ordutik, herrialdeak ez du bururik altxatu.

2010eko urtarrilaren 12an, 17.00etarako minutu batzuk falta zirenean, 7.3 graduko lurrikara batek lurra astindu zuen Haitiko hiriburuan. Bertan, Leoganen, Jacmelen eta beste herri batzuetako ehunka mila etxe eta eraikin hondoratu ziren, bat batean. Ahaztezinak bihurtu ziren 35 segundu horien ondoren, zarata gelditu eta hautsa desegin zenean, oraindik gaur egun bere osotasunean deskribatu ezin den drama bat azaldu zen bere gordintasunean.
Epizentroa Port-au-Princetik 15 kilometrora izan zuen lurrikara indartsu honek krisi humanitario sakon batean murgildu zuen Haiti. NBEk «hondamendi historikotzat» jo zuen, eta aurre egin beharreko egoerarik okerrena zela nabarmendu zuen, Sumatra suntsitu zuen tsunamia baino okerragoa ere bai, Karibeko uhartean ez zegoelako NBEk laguntza eta erreskate lanak aurrera eramateko babesa jasoko zuen egitura politikorik.
Hemen lurrikararen eraginaren zerrenda xumea: 316.000 hildako; 105.000 etxe suntsituta; 208.000 etxebizitza kaltetuta; 1.300 eskola eta unibertsitate eta 50 ospitale desagertu ziren. Portua eta aireportua erabilezin geratu ziren, baita dozenaka eliza ere, horien artean Notre Dameko katedrala (paristarraren kopia zehatza, baina tropikal erara, arrosaz margotua) eta Jesusen Bihotza.
Artefaktuan irakurri ahal izan genuen legez, lurrikara bortitza gertatu eta egun gutxira, Unicefek eta gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi zuten kaos egoera horretan haurren trafikoa egon zitekeela. Lurrikararen lehen egunetan, bakarrik zeuden 15 adingabe desagertu ziren ospitale batetik.
Eraginak ez dira desagertu
AEBetako hamar herritar atxilotu zituzten Haititik 33 adingabe atera nahi zituztenean. Unicefen arabera, lurrikararen aurretik, urtero 2.000 haur inguru «legez kanpo ateratzen zituzten herrialdetik. Gehienek sexu-abusuak eta lan-esplotazioa jasaten zituzten edo legez kanpoko adopzioetan ematen ziren. Destinorik ohikoena Ameriketako Estatu Batuak ziren».
2020ko abenduan, ‘The New York Times’ egunkariak artikulu bat argitaratu zuen Haitin kasko urdinek izan zuten paperari buruz: «NBEren odolez zikindutako ondare bat Haitin», izenburua. Bakea babestera joan omen ziren; 13 urte beranduago alde egin zuten, hainbat gaixotasun atzean utzita, baita ere emakume eta neskato pobretuengandik jaiotako ehunka haur (265 bat, datu ofizialen arabera). Gizon horiek eragindako kalte osoa oraindik zehazteke dago.
Gaur egun, Haiti aurrekaririk gabeko krisi batean murgilduta dago berriro, kolonizazioak, atzerritarren esku-hartzeak, eragindako pobreziak eta hondamendi naturalek markatutako historia batetik jasotako ezegonkortasun estrukturalaren ondorioz. Berriro ere, nazioarteak errezeta zaharrak aukeratu ditu krisi luze honi aurre egiteko, haitiarrei inoiz ahotsik eman gabe.

Itsasoaren ardora begietan

«Zarauzko Ikastolak ez dizkio ateak inoiz inori itxi, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu»

Ikasleak Saharan: Elkartasun balioetatik hasita, ikaspenak dituen esperientzia baten kontakizuna
