Mikroipuinak sortzeko tailerrak egingo dituzte Oarsoaldeko sei euskaltegitan
Mintzagun proiektuaren barruan, mikroipuinak sortzeko tailerrak egingo dituzte Oarsoaldeko sei euskaltegitan. Idoia Torregaraik gidatuko ditu tailerrak. Nabarmendu dute ekimenak aukera ematen duela euskara ikasteko eta gozatzeko era dinamiko eta sortzailean.

Oarsoaldeko sei euskaltegitako ikasleek mikroipuinak nola sortu ikasiko dute Idoia Torregarai komunikatzaileak eskainiko dituen tailerretan, urtarrilaren 21etik otsailaren 5era bitartean.
Oarsoaldeko Euskara Batzordeko iturriek jakinarazi dutenez, Mintzagun programaren baitan antolatu dira tailerrak. Lehenegoa urtarrilaren 21ean izango da, Errenteriako Udal Euskaltegian (18.30-20.00).
Urtarrilaren 23an izango da hurrengo hitzordua Errenteriako Xenpelar AEKn (18.00-19.30). Urtarrilaren 28an Oiartzungo Intxixu AEKn (18.30-20.00), urtarrilaren 29an Pasai Antxoko Txirrita AEKn (19.30-21.00), otsailaren 3an Lezoko Oroitzene AEKn (10.00-11.30) eta otsailaren 5ean, Pasaiako Udal Euskaltegian (09.30-11.00) egingo dira.
Ordu eta erdi inguruko iraupena izan ohi dute saioek, eta helburua gai erakargarri, berri eta gaurkotasunekoak euskaraz eskaintzea da. Hain zuzen, gai bakoitzarekin tailer bana egingo da eskualdeko sei euskaltegiotan. «Mikroipuinak sortzea bezalako jarduera praktikoen bidez, parte hartzaileek euskaran murgilduko dira hasiera-hasieratik», ziurtatu dute.
Orobat, programak edozein gai euskaraz landu daitekeela erakustearen garrantzia nabarmendu nahi du, ikasleek hizkuntza ulertzeko eta erabiltzeko duten konfiantza sustatuz. Tailerrak «aukera paregabea dira euskara modu sortzaile eta dinamikoan ikasteko eta gozatzeko».

