GAUR8
Gaur X urte

45 urte bete ditu Simphiwe Dana abeslari afrikarrak

Simphiwe Danaren urtebetetzea da gaur. Duela 45 urte jaio zen, Gcuwan, Hegoafrikan. Xhosa jatorriko abeslariak musika tradizionala jazzarekin, afro-soularekin eta raparekin elkartzen du.

Simphiwe Dana abeslariak 45 urte bete ditu gaur.
Simphiwe Dana abeslariak 45 urte bete ditu gaur. (WIKIMEDIA)

Simphiwe Dana Transkei bantustaneko Gcuwa herrian jaio zen, Hegoafrikaren hego-ekialdean, gaur 45 urte. Aita predikadorea zuen eta haurtzaroan elizan abestu zuen, hala abesbatzan nola gospel taldean.

Wits Technikon ikasketak egin zituen Johannesburgon eta bertako club txikietan hasi zen kantari. 2004an lehen diskoa, ‘Zandisile’, plazaratu zuen. Hegoafrikako musika sarietan «artista berri onenaren saria» eta «jazz diskorik onenaren saria» eskuratu zituen.

Bigarren lanak ere arrakasta handia izan zuen eta ‘The One Love Movement On Bantu Biko Street’ abestiari esker «emakumezko artistarik onenaren saria» lortu zuen.

2005eko irailean, kontzertu batetik bueltan zetorrela, auto istripu larria izan zuen. Haurdun zegoen eta arazorik gabe jaio zen umea.

2010ean ‘Kulture Noir’ diskoa atera zuen, baita bere abestirik onenak biltzen zituen zuzeneko lana ere. 2014an beste disko bat atera zuen, ‘Firebrand’. Afrikatik at, Europako munduko musiken jaialdietan jo izan du Simphiwe Danak.