Gaurko egunez jaio zen Pello Mari Otaño
Pello Mari Otaño Barriola Zizurkilen sortu zen, gaurko egunez, 1857an. Hil, berriz, Argetinan egin zen, Rosarion, 1910eko maiatzaren 6an. Bertsolaria eta euskal idazlea izan zen. Batez ere bertso paperengatik egin zen ezagun eta oraindik oso ezagunak dira Ameriketatik bidaltzen zituen bertso paperak, lirismoz beteak.

Pello Mari Otaño Barriola gaurko egunez jaio zen, duela 168 urte, Zizurkilgo Errekalde baserrian. Bertso tradizio handiko sendia ziren Otañotarrak. Barriolatarrek, berriz, beste arrasto garrantzitsu bat utzi zuten Pello Marirengan: liberalen pentsamoldea eta goi mailako kultura.
Familia ugaria izaki, Errekalden gehiegi ziren eta Pedro Mariren aitak etxe xume berri bat eraiki zuen Zizurkildik eta Adunatik zetozen bideek bat egiten zuten tokian: Karidadeko Benta. Aita Donostian jardun zen hargintzan eta amak Zizurkilgo benta kudeatu zuen.
Laster iritsiko zen Bigarren Karlistaldia eta gerra arrisku bizia. Hori saihestearren, 1875ean Ameriketarako bidea hartu zuen Pello Mari Otañok. Lau urteren ondoren, soldaduska egin beharraren zama kendu ziotela jakin orduko, Donostiara itzuli zen.
Pasaiatik abiatuta, Ameriketarako bigarren bidaiari ekin zion. Ez dakigu ziur noiz abiatu zen Otaño, baina 1889an Argentinan ageri da. Bizimodua aterako bazuen, denetik egin behar izan zuen.
Artzain zebilela asmak hartu zuen. Horren eraginez, oso eztarri txarrekoa zen eta ‘Kattarro’ izengoitia jarri zioten. Kanturako bideak itxita edukitzeari zor diogu, ordea, hainbeste bertso sorta eder idatzi izana.
Liburu batean biltzen joan zen sortzen zituen lan guztiak. Hala, familiak gaurdaino soka batez gorde duen idazlan bikaina iritsi da gureganaino, ‘El libro atado’, Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen dohaintzaz gaur Donostiako Koldo Mitxelena Liburutegian jasota dagoena.
