NAIZ
Paris
Gaur X urte

Gaurko egunez hasi ziren eraikitzen Eiffel Dorrea orain 138 urte

Eiffel Dorrea duela 138 urte hasi ziren eraikitzen, Nazioarteko Erakusketarako prest egon zedin. Gustave Eiffelek eman zion bere abizena egun mundu osoan ezaguna den eta Estatu frantseseko hiriburuaren ikono bilakatu den eraikinari.

Eiffel Dorrea itsasargi moduko bat da hiriaren erdian.
Eiffel Dorrea itsasargi moduko bat da hiriaren erdian. (EUROPA PRESS)

Urtero milioika turista joaten dira Parisera, eta horietako askok oroigarri bat eramango dute etxera. Oroigarri tipiko gehienek badute zerbait komunean, eta da Estatu frantseseko hiriburuaren ikur bilakatu den Eiffel Dorrea. Gustave Eiffel ingeniaria gaur duela 138 urte hasi zen eraikitzen, bi urte geroago ospatuko zen Nazioarteko Erakusketako irudi nagusi izan zedin. Frantziako Iraultzaren mendeurrena ere ospatzeko intentzioa zuen eraikinak. 200 milioi bisitari jaso ditu ordutik.

Sena ibaiaren ertzean, Champ-de-Mars delakoaren muturrean, kokatu zuten burdin forjatuzko dorrea, jatorrian 300 metroko garaiera zuena (gero telebistako antena bat jarri zioten eta garaiera ofiziala aldatu zen, 324 metro). 41 urtez munduko eraikinik altuena izan zen, baina egungo etxe-orratzekin konparatuz barregarri gelditzen da.

 

Eiffel Dorrea eraikitzen hasi zireneko argazki zaharra. (LA TOUR EIFFEL)
Eiffel Dorrea eraikitzen hasi zireneko argazki zaharra. (LA TOUR EIFFEL)

Egun, itsasargi moduko bat da, hura ikusiz gero hirian kokatzea errazagoa baita. Eta itsasargi baten tankera hartzen du, gainera, iluntzean. 'Argiaren hirian' bere biztanlerik ospetsuenak ere argizko soinekoa behar baitzuen. Gaua iristen denean, orduro bost minutuko ikuskizuna eskaintzen du, monumentua ixteko ordua iristen den arte.

Koloreari dagokionez, historian zehar aldaketak egon dira. Egun brontze kolorekoa bada ere, berez hiru tonu ditu. Goikaldean argiagoa da behean baino. Gainera, eraikitzen hasi zirenean gorriz pintatu zuten, baina inaugurazio datarako marroi-gorrixkaz pintatu zuten. Ondoren okre-marroi bilakatu zen. 1899an laranja-hori tonuetan margotu zuten, degradatuarekin, gero hori-marroira pasatu ziren eta 1968an, azkenik, egungo brontze kolorea aukeratu zuten, hori-gorri-beltz pigmentuak nahastuz. Zazpi urtean behin 60 tona margo erabiltzen dira birmargotzen, burdina ez herdoiltzeko.

Dorrean hain ezaguna da nazioartean, ezen munduko leku desberdinetan bere itxura imitatzen duten beste dorre apalagoak dauden. Esaterako, Britainia Handian Blackpool dorrea dago eta Tokyon komunikazio dorre zuri-gorri bat. Txinan bi erreplika daude, eta Estatu Batuetan lau: Las Vegaseko Paris hotelean, Texaseko Paris herrian, Ohioko Kings Island eta Virginiako Kings Dominion atrakzio parketan.