Burdel batean infiltratu zen kazetari euskalduna
Kazetaritza gizonezkoen mundua zen garaian, emakume izateak zerbait desberdina egitea eskatzen zuen. Hala, Maryse Choisyk idazle izateko ametsa lortu zuen aurretik kazetaritzan egin zituen lan ikusgarriei esker. Gai bitxiak lantzen zituen lanbide desberdinetan infliltratuz.
.jpg)
Maryse Choisy 'Psikea. Psikoanalisiari eta giza zientziei buruzko nazioarteko aldizkaria'-ko kazetari, idazle eta sortzailea izan zen. 1903ko otsailaren 1ean jaio zen, Donibane Lohizunen, eta inmertsiozko kazetaritzaren aitzindari bilakatu zen.
Guraso ezezagunekoa, bere izeba zela zioen kondesa batek hezi zuen. Kondesa Oscar Wilde, Caruso, Picabia eta Guinemer bezalako lagunak zituen, bere etxera bisitan joaten zirenak. Choisyri irakurtzea gustatzen zitzaion eta idazten ere goiz hasi zen. Cambridgen ikasi zuen eta Indiako filosofiari buruzko tesia idatzi zuen. Idazle izan nahi zuen, baina kazetari izatearekin «konformatu» behar izan zuen hasierako urteetan.
Gizonezkoa zen eremu horretan nabarmentzeko asmoz, kazetaritza egiteko modu desberdina proposatu zuen. Baserritar bat bezala jantzi eta bendimiara joan zen Tourainera. Bere esperientzietatik idatzitako testua oso estimatua izan zen eta bide horretatik lan gehiago egiten hasi zen. Lantegi batean, modelo moduan, saltzaile bezela «infiltratu» zen gero erreportajeak idazteko.
1928an prostituzioari buruz idazteko eskaera egin zioten eta, bere egiteko moduari jarraituz, burdel batetan sartu zen lanean, prostituten ikuspegiaren berri emateko asmoz. «Emakumeak plazerra emateko makina bilakatzea ez da onargarria», ondorioztatu zuen. Erreportaje esanguratsu horri beste gai interesgarrik jarraitu zioten.
Literaturan murgildu ahal izan zuen orduan, eleberriak zein poema liburuak argitaratu zituen, baita 'Psyché' aldizkaria (1946-1963) sortu ere. Bertan, psikoananlisiari buruz aritu zen, eta Leycester Kingekin batera psikoterapiako eta psikologia katolikoko nazioarteko elkartea sortu zuen. 24 urte zituela lehen harremana izan zuen psikoanalisiarekin, Sigmund Freudi amets bat kontatu eta alaba ez-legitimoa zela erantzun zionean, baina ez zuen psikoanalisian interesik erakutsi urte dexente pasatu arte.
Bere burua «borroka feministen periferian» kokatu zuen arren, bere lanek emakumeak esparru ikustezin batetik ateratzea lortu zuten, eta klixe diskriminatzaileekin hausten lagundu zuen.
Parisen hil zen, 76 urte zituela.