NAIZ
Gaur X urte

Eguraldia iragartzen zuen frailearen agurra

2022an hil zen Pello Zabala, egon den euskal fraide frantsizkotarrik ezagunena eta mediatikoena. Idazten trebea zen, eta hainbat hedabidetan aritu zen. Liburu askotan ere parte hartu zuen, bere pasioa zen euskal kulturaren berri ematen.

Pello Zabala 'Natura labur mintzo' liburuaren edizio berriaren aurkezpenean, 2019an.
Pello Zabala 'Natura labur mintzo' liburuaren edizio berriaren aurkezpenean, 2019an. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Duela bi urte zendu zen Pello Zabala fraide frantsizkotarra. Pernando Amezketarraren oinordekoa, Arantzazuko monastegian bizi izan zen 1958tik 78 urte zituela hil zen arte. Idazle, irratiko esatari eta euskaltzalea bazen, baita metereologoa ere. Adi entzuten genituen denok bere iragarpenak, tenporetan oinarritutakoak.

11 urterekin piano eta solfeo ikasten hasi zen eta orduan deskubritu zuen bere beste pasioa, musika. Filosofia ikasketak amaitu eta apaiz sartu ostean, 25 urterekin Arantzazuko organista izendatu zuten. Soinua ere jotzen zuen.

Arantzazu zer den jakin gehienok dakigu, baina askori mapan kokatzen lagundu zien Zabalak, inoiz egon den fraiderik ezagunena izan baitzen. Leku hura, naturaren erdian dagoen euskal artearen monumentua, biziki maite zuen, baina ez zen bertan hil, Covidaz gaixotu eta konplikatu ostean Arrasateko ospitalera eraman baitzuten.

Idazle bezala, bederatzi liburutan parte hartu zuen, eta hainbat euskal hedabidetan ere idatzi zuen, tartean, GARAn. Naturaren, kulturaren eta ondarearen maitale, Amezketan, bere sorterrian, bere izena daraman gune bat sortu dute, bere omenez. Bertan Amezketako ondarea ezagutzeaz aparte, baserritarren produktuak erosteko eta dastatzeko aukera ere badago.