80 urte bete ditu Marisa Mediavilla liburuzain feministak
Duela 80 urte, 1945eko otsailaren 4an, jaio zen liburuzain feminista espainiarra Marisa Mediavilla Herreros. Bere ibilbidean zehar emakumeek idatzitako 30.000 liburu baino gehiago bildu ditu Madrilgo Emakumeen Liburutegian.

Marisa Mediavilla Herreros gaur 80 urte jaio zen Palentziako Boadilla del Camino herrian, 1945eko otsailaren 4an. Liburuzain, dokumentalista eta feminista da, eta hogeita hamar urte baino gehiago eman ditu Madrilgo Emakumeen Liburutegia eraikitzen, antolatzen eta egituratzen, historian zehar emakumeen kultura eta jakintza biltzeko, batez ere Espainiako Estatuan.
Emakumeek idatzitako liburuak bildu ditu Mediavillak, altxor preziatu gisa katalogatu eta zaindu ditu, euren ahotsak ahanzturan eror ez daitezen. Espazio eta diru falta izan dira Mediavillak urteetan zehar konpondu behar izan dituen erronkak, nahiz eta funts publikoen menpe ez egotea erabaki zuen. Emakumeen Liburutegia 30.000 liburuki baino gehiagok osatzen dute gaur egun, eta XVIII. mendeko lan batzuk badaude ere, batez ere XIX. eta XX. mendekoak dira.
Liburuzain honek emakumeari eskainitako aurreko liburutegiak daudela aitortzen du, hala nola Emakumearen Herri Liburutegia, Francesca Bonnemaisonek 1909an Bartzelonan sortua; baita Lyceum Club ere, 1926an sortua, edo Andereñoen Egoitzako liburutegia, 1915ean sortua, biak Maria de Maeztu gasteiztarrak zuzenduak eta 1936ko Gerra lehertu ondoren deseginak. Gaur egun, Mediavillaren Madrilgo Emakumeen Liburutegia Jantzien Museoan dago.