GAUR8

Klima aldaketak Afrikako hamar eskualdetan duen eraginari buruzko azterlan batean parte hartu du BC3 euskal zentroak

Afrikako hamar eskualdetan klima aldaketaren eraginak aztertu ditu BC3 euskal zentroaren parte hartzea izan duen nazioarteko lan batek. Ondorioen artean nabarmendu dute denentzat ikuspegi bakarra izatea desegokia dela eta egokitzapen-ekintzak kulturalki egokiak eta bidezkoak izan behar direla.

BC3ren parte hartzea izan duen azterlanaren arabera, premiazkoa da esku hartzea.
BC3ren parte hartzea izan duen azterlanaren arabera, premiazkoa da esku hartzea. (BC3)

Basque Centre for Climate Change (BC3) euskal ikerketa zentroak klima aldaketak Afrika tropikaleko hamar eskualde menditsuetan duen eraginari buruzko nazioarteko ikerketa batean parte hartu du.

Emaitzen arabera, lankidetza eta kreditu eta merkatuetarako sarbide handiagoa izatea «funtsezkoak» dira eskualde horiek klima-aldaketatik babesteko.

Afrika tropikaleko zortzi herrialdetan kokatutako hamar eskualde menditsuetako 1.500 nekazarik parte hartu dute nazioarteko ikerketa berrian. Helburua izan da «klima aldaketak komunitate zaurgarri horietan dituen inpaktuak aztertzea, nola egokitzen ari ziren eta hori egitean aurkitzen zituzten oztopo eta aukera nagusiak aztertzea», azaldu dute BC3tik.

‘Nature Climate Change’-n argitaratutako emaitzek, «klima-aldaketa Afrikako mendietan: gero eta handiagoa den erronka eta tokiko egokitzapenaren erantzunen ekarpena» izeneko txostenarekin batera, agerian uzten dute «aztertutako eskualde guztiek dituztela klima aldaketaren eragin ukigarriak» laboreen errendimenduan eta abeltzaintza-ekoizpenean, besteak beste.

Izurriteak eta gaixotasunak areagotzea, giza osasuna oro har okertzea, ur-eskuragarritasuna murriztea eta lurzoruaren higadura handitzea dira beste ondorioetako batzuk.

«Lehenbailehen jardun»

Egoera horren aurrean, ikerketak nabarmentzen du «premiaz jardun behar dela eskualde horietan, biodibertsitatearen eta kultura-ondarearen gune beroetan, klima-aldaketaren aurrean gero eta zaurgarriagoak baitira», egokitzapen-estrategia lokalizatuen bidez, «inpaktu sozioekologiko eta ekonomikoak arintzeko».

Ikertzaileen esanetan, halaber, klima-erronkei erantzuteko, mendi komunitateak «erresilienteak dira eta egokitzeko estrategia ugari erabiltzen ari dira».

Horien artean sartzen dira nekazaritza-jardunetan izandako aldaketak, hala nola labore berriak hartzea, uraren eta lurzoruaren kudeaketan inbertitzea, agrokimikoen erabilera eta albaitaritzako arreta handiagoa.

Afrikako 10 eskualdeen arteko egokitzapen-erantzunen kopuruan eta motan dagoen «aldaketa esanguratsu» horrek erakusten du «ikuspegi bakarra denentzat dela desegokia».

Emaitzekin batera doan txostenaren helburua da «lurralde horiek kredituak eta merkatuak eskuratzeko aukera gehiago izatea sustatzea». Ikerketaren arabera, tresna horiek «komunitateak bultzatutako konponbideak garatzeko aukera emango dute, eskualde bakoitzaren ezaugarri bakarrak errespetatuz».

Gainera, «tokiko komunitateen, gobernuen eta nazioarteko erakundeen arteko lankidetza-ekintza» baten alde egiten du, «egokitzapen-estrategia jasangarriak batera garatzeko».

Noelia Zafra-Calvo BC3ko ikertzaileak defendatu duenez, «kanpoko eragileek eskualde horietan egiten dituzten egokitzapen-ekintzak ikuspegi parte-hartzaileetan eta koproduzituetan oinarritu behar dira, kulturalki egokiak eta bidezkoak direnak eta komunitateen aldez aurreko esperientziak, ezagutzak eta balioak aitortzen dituztenak».

Azaldu du, era berean, beste alderdi batzuk ere kontuan hartu behar direla «hala nola indarkeriazko gatazkak eta aztertutako lurraldeetako zenbait politika nazionalek eragin ditzaketen nahi gabeko ondorioak».