GAUR8

EnpleGU programa eskainiko dute Bermeon, ikasketa maila baxua eta lan merkatuan zailtasunak dituzten pertsonentzat

Ikasketa maila baxuak eta lan merkatuan zailtasunak dituzten pertsonei zuzendutako EnpleGU programa aktibatu dute Bermeon. Behargintzak azaldu duenez, «oztopoak gainditzeko eta gizarte eta lan-aukerak hobetzeko beharrezko tresnak» eskainiko ditu.

Programak trebetasun profesionalak garatzeko laguntza emango du.
Programak trebetasun profesionalak garatzeko laguntza emango du. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako Behargintzak EnpleGU programan parte hartuko du, ikasketa-maila baxuak eta lan-beharrak dituzten pertsonei enplegu-aukerak sortzeko.

Udalak jakinarazi duenez, Garapen Agentzien Euskal Elkartearen eta EAEko sei garapen agentzien arteko lankidetza proiektua da.

Programa langabezian dauden, prestakuntza gutxi duten eta laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzenduta dago. Ekimenak dituen helburuetako batzuk zehaztu dituzte: «funtsezko trebetasun eta gaitasun profesionalak garatzen laguntzea eta gizartean erabateko parte hartzea izatea eta lana aurkitzeko beharrezkoa den konfiantza eskuratzea».

Martxoa eta ekaina bitarteko prestakuntza

«Hazkunde pertsonal eta profesionalak babestea» bilatzen du ekimenak, «oztopoak gainditzeko eta gizarte eta lan-aukerak hobetzeko beharrezko tresnak eskainiz», adierazi dute Behargintzar¡tik.

Azaldu dutenez, «batzuetan, lan-merkatuan sartzea ez da erraza, prestakuntza eta esperientzia faltagatik, diskriminazioagatik, oztopo sozioekonomikoengatik eta, batez ere, aukera faltagatik».

Zailtasun horien aurrean, EnpleGUk «bakoitzaren beharretara egokitutako laguntza eta prestakuntza» eskainiko du, modulu praktikoen eta tailerren bidez. Gainera, lan-aukerekin konektatzen lagunduko du, «aurrera egiteko eta etorkizun hobea eraikitzeko».

Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako Behargintzak Prestatu izeneko ibilbidea eskainiko du, «aldez aurretik hurbilketa-prestakuntzak egin dituztenei edo lan-merkatuan sartzeko gaitasuna dutenei zuzendua».

Bide hori Bermeoko Nautika Eskolarekin lankidetzan egingo da, eta horrek prestakuntza homologatua eskainiko du. Helburua ontziratzeko beharrezko ikastaroak eskaintzea da: Itsasontziko segurtasuna eta lehen sorospenak (70 ordu); estalki lanak (30 ordu) eta arrantza tresnen muntaketa (190 ordu).

Prestakuntza eta orientazioa martxoa eta ekaina bitartean egingo dira. Ibilbide horrek aukera ematen du prestakuntza teknikoak egiteko, lan-merkatuan sartzeko edo prestakuntza aurreratuago batekin jarraitzeko.