Asier Aiestaran
Kazetaria

Biharko alean, Macaoko hizkuntzen agonia luzea

Larunbat honetako alean argitaratuko dugu Josep Solanok Macaotik bidalitako kronika interesgarria. Bertako hizkuntza indartsuak izan ziren makanera eta portugesa galzorian daude.

Macaon, Portugalek Txinan izan zuen kolonia ohian, portugesaren oinarritik sortu zen makanera kreol hizkuntza galtzear da. Eta oraindik ofiziala den portugesa bera ere bide beretik doa. Makanera altxor bitxia da, hizkuntza desberdinen mosaiko bat delako (kantonesa, zongalesa, japoniera, ingelesa…). Portugalek Asian utzi zuen aztarna linguistikoaren adibide garbia da, baina hiztunak desagertzen ari zaizkio eta ez dira berriak sortzen ari.

Josep Solanoren kronikan aipatzen denez, jatorrian komunitatearen hizkuntza makanera zen, baina XX. mendean portugesez eskolatzeak izugarrizko kaltea egin zion, eta gaur egun adineko pertsona bakan batzuk baino ez dira geratzen oraindik arintasunez hitz egiten dutenak. Gaur egun, 50 bat hiztun inguruk baino ez dute hitz egiten, ia museoko pieza bihurtuta. Ondare linguistiko eta kultural baliotsua da, baina oso hauskorra. Aida de Jesus, “Macaeseko sukaldaritzaren madrinha” bezala ezagutzen zena, 105 urterekin hil zen 2021eko martxoan, eta bere desagerpena kolpe oso esanguratsua izan zen portugaldar kreoleraren hiztunen komunitatearentzat.

Horrekin batera, Donald Trumpen erabakiek Mexikoko mugan sortzen dituzten arazoak, emakume zientzialarien testigantzak, tabakoaren inguruan azken asteetan pilatu diren albisteen analisia, Zapotxin pailazoaren ikuskizun berria edota Arrigorriagako Arritxikerrak proiektua dira biharko GAUR8n irakurleak aurkituko dituen gai nagusiak.