Bilboko Harrapazank gazteentzako euskarazko aisialdi programak talentu-lehiaketaren jaialdia eta abentura txangoak izango ditu
Harrapazank 10 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako euskarazko aisialdi programak edizio berriko izen-ematea zabalduko du hilaren 17an. Bi berrikuntza nabarmendu ditu Udalak: Eszena talentu-lehiaketak Bilborocken izango duen bukaera jaialdia eta abentura txangoak, jarduera ezberdinen inguruan.

Bilboko Udalak datorren astelehenean, otsailaren 17an, irekiko du Harrapazank euskarazko aisialdi programaren edizio berrirako izena emateko epea. Berrikuntza gisa iragarri dute Eszena talentu-lehiaketaren parte hartzaileentzako jaialdi batekin amaituko dela, eta abentura-txangoak egingo direla lau asteburutan.
Gazteen artean aisialdian euskararen erabilera bultzatzea helburu duen programa 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta herriko barruti guztietan aisialdirako dituzten espazio eta denboretan garatzen da. Gainera, programa honetan balioekin lotutako zeharkako beste gai batzuk lantzen dira, hala nola berdintasuna, inklusioa eta aniztasuna edo osasuna.
Harrapazank Taupa Euskaltzaleen Mugimenduarekin elkarlanean garatzen da hainbat auzotako areto eta zentroetan, «euskaldunen arteko sarea ehuntzeko». «Bilboko gazteek euskara esperientzia positiboekin eta gozamenekoekin identifikatzea da helburua, erabilera indartzeko», adierazi du Eider Inunciaga Euskara arloko zinegotziak.
Edizio honetako berrikuntzen artean, Eszena talentu lehiaketak parte-hartzaile guztientzako Bilborock-eko jaialdi bat izango du bukaeran, eta abentura-txangoak egingo dira lau asteburutan.
Abenturaz beteriko jarduerak
Programaren barruan, Klikazankek «bideojokoen munduan murgiltzeko aukera» eskainiko die 10 eta 16 urte bitarteko gazteei. Lehiaketaren bidez aisialdian euskararen erabilera sustatzeaz gain, bideojokoen balio positiboak ere jorratuko dira.
Halaber, Game Player lehiaketa antolatu da. Rocket League bideojokoan oinarritutako txapelketa da. Banakako lau proba gainditu ondoren, finalistak zuzenean joango dira finalera maiatzaren 24an Euskararen Etxean. Irabazleek 150 euro eta 50 euroko bonuak jasoko dituzte.
Eszenan atalean, ohikoa den bezala, 10 eta 16 urte bitarteko Bilboko gazteek beren talentua erakusteko aukera izango dute, bakarka zein taldean. «Lehenengo eta behin, zuzeneko castingetan parte hartu beharko dute. Lehen urrats hori gaindituta, masterclass bat jasoko dute beren talentua garatzeko», azaldu dute Udaletik.
Finalerako sailkatzen diren pertsonek tutoretzak izango dituzte, ‘coach’ baten laguntzarekin, finalean aurkeztuko duten ikuskizuna hobetzeko. Jaialdia maiatzaren 24an izango da, Bilborock aretoan. Guztira, 1.100 euro banatuko dira bonuetan.
Bestalde, Harrapazank txangoek lau irteera egiteko aukera eskainiko dute. Martxoaren 30ean, Armintzako mendian orientabidea landuko dute; apirilaren 6an, Urdulizko Santa Marina haitzetan eskalada egitea da plana; maiatzaren 11n, arku-tiroa egitea proposatzen dute eta Barrikan izango da; eta maiatzaren 18an, ‘snorkel’-a (itsasoa behatzea) egingo dute Armintzan.
Izena emateko, formulario bat bete beharko dute, www.harrapazank.eus webgunean aurkituko dutena, eta bikoteka izena emateko aukera egongo da.
Harrapazank programan izena emateko epea martxoaren 3ra arte egongo da zabalik.
Maitasun aitortza bat

«Teletetxoak», erretrobisoreak eta motxilak: torturaren itzala euskal gazterian

«Estatuak zuzenean egikaritu du indarkeria matxista bere funtzionarioen bidez»

Zikin, zaratatsu eta euskarazko hitzaren jabe
