25 metroko olatu sorgailu bat Bilboko Ingeniaritza Eskolan, energia berriztagarrien azterketarako
EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak 25 metroko olatu kanala eraiki du, itsaso zabalean erabili beharreko gailuen saiakuntza teknologikoak egiteko. EAEn luzera handiena duen distema da, eta, batez ere, energia iturri berriztagarrien azterketarekin lotuta dagoela azaldu dute.

UPV/EHUko Itsas Rem ikertaldeak 25 metroko olatu sorgailu berri bat instalatu du Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Ingeniaritza Energetikoa Sailean. Itsaso zabalera eraman nahi diren teknologiak probatzeko erabiliko da, batez ere energia iturri berriztagarriei lotuta.
Ohar batean EHUk adierazi du azken urteetan garrantzi handia hartu duela olatuen energiaren aprobetxamenduak, «energia potentzial handiko» arloa baita.
«Bitxia den arren, olatuen energia Eguzkitik dator, Eguzkiak lurra berotzen du, modu desberdinetan; ondorioz tenperatura aldeak sortzen dira, horrek airea mugiarazten du eta haizeak itsasoko olatuak sortzen ditu», azaldu dute.
Zehaztu dutenez, «kalkuluen arabera, Europako itsasoetan bakarrik, urteko 1.000 TW/H-ren baliokidea den energia mugiarazten du olatuak. Beraz, modu efizientean aprobetxatuz gero, olatuen energiak ehuneko esanguratsu bat har lezake ekoizpen berriztagarriaren ‘mix’-aren barruan 2030erako».
Testuinguru horretan, olatu kanalak sistemak edota gailuak «eskalan probatzea ahalbidetuko du».
Era guztietako itsasaldien simulazioa
Tresna berriaren funtzionamenduaren inguruan argitu dute olatu sorgailuak «olatu erregularrak edo irregularrak» sor ditzakeela, «eta era guztietako itsasaldiak simula daitezke, horretarako esklusiboki diseinatutako kontrol software baten bidez». Horrez gain, «kanalak xurgatze aktiboko sistema bat du, olatuek kanalaren muturrean errebotatu ez dezaten. Horrela, ikerketarako nahi diren olatuak sortzen dira, eta iraupen luzeko eta fidagarritasun handiko saiakuntzak egin daitezke».
Orain arte 12,5 metroko tanke bat erabili da, baina luzera txikiago bat izatea eragozpena zen iraupen luzeko saiakuntzak egiteko, baita «olatuen errebotea saihesteko ere».
Azpiegitura berria Gasteizko Gobernuak deialdi publiko batean lorturiko funtsen bidez finantzatu da, «Itsas Rem ikertaldeak deialdi horretan lorturiko ikerketa proiektu baten bidez».

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
