GAUR8

Ate Irekien Jardunaldiak izango dira martxoan EHUko fakultateetan, etorkizuneko ikasleei zuzenduta

Martxoaren 14tik 22ra Ate Irekien Jardunaldiak egingo dituzte EHUn, bigarren aukera bat fakultate eta eskolen instalazioak ezagutu eta aukeratutako graduen eskaintzaren inguruko informazio zehatzago bat izateko. Martxoaren 3an zabalduko dute izena emateko epea.

Fakultateetako ordutegiak eskuragarri daude EHUko webgunean.
Fakultateetako ordutegiak eskuragarri daude EHUko webgunean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) Ate Irekien Jardunaldiak egingo ditu martxoaren 14tik 22ra. Ekimena hogei fakultate eta eskolatan egingo dute, baita UPV/EHUri atxikirik dauden Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuan eta Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolan ere.

Unibertsitatearen eskaintza sakonago ezagutu eta etorkizuneko ikasleek izan ditzaketen zalantzak argitzea helburu duen deialdia bigarren urrats bat da antzeko helburua duten EHUazoken ostean.

Ate Irekien Jardunaldiak 2025-2026 ikasturtean EHUn ikasketak hasi nahi dituzten ikasleei zuzenduta daude. Izena eman duten eskola edo fakultatea bisitatu ahal izango dute, kasu batzuetan laguntzaile batekin. Era horretara «instalazioak eta baliabideak ezagutu ahal izango dituzte».

Bisita horietan, gainera, beren intereseko gradu-ikasketei buruzko informazio zehatza eskuratzeko aukera dutela nabarmendu dute, unibertsitate-ikasketei buruzko erabakia hartzeko behar duten orientazioa lortuz.

«Etorkizuneko ikasleei beharrezko laguntza eta orientazioa eskaintzea lehentasuna da unibertsitatearentzat eta bidelagun izan nahi dugu prozesu osoan zehar. Hitzordu hauen bitartez, interesatzen zaizkien graduak ezagutzeko ateak zabalduko dizkiegu ikasleei», adierazi du Asier Blas Ikasleen eta Partaidetzarako Errektoreordeak.

Batxilergoko, Goi Mailako heziketa Zikloetako, Arte eta Kirol Ikasketetako bigarren mailako ikasleez gain, unibertsitatea sartzeko aukera duten 25, 40 eta 45 urtetik gorako lagunak eta unibertsitateko ikasleak eta tituludunak daude deituta.

Eskola eta fakultate ezberdinetako ate irekien jardunaldietan hartzeko izena eman behar da EHUren web orrian. Bertan kontsulta daitezke ikastegietako ordutegiak eta dauden plazak.